Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Bi makiren gorpuzkiak desobiratu dituzte Gazteluberrin
Nafarroako Memoriaren Institutuaren 2020rako programaren lehen lorpena izan da. Testigantzen arabera, baliteke 1944an hil zituzten bi borrokalari antifrankista, aita-seme, izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin elkarlanean, Gazteluberriko hilerrian modu anonimoan lurperatutako bi pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ditu gaur goizean.
Inguruan bildutako testigantzen arabera, 1944an bertan hildako aita eta seme maki edo borrokalari antifrankistak ziren. Gorpuen ondoan alkandora bat, lapiko bat eta hainbat jantziren aztarnak agertu dira.
Nafarroako Memoriaren Institutuaren 2020ko Desobiratze Programaren baitan garatutako lehen exhumazioa izan da. Prospekzioak urtarril eta otsail bitartean hasi ziren Monreal, Esain, Sorauren eta Erreniega mendietan, eta gero eten egin ziren alarma-egoeraren ondorioz. Ibero, Iruzkun eta Bidaurreta bezalako herrietan lanei berriro ekitea ahalbidetu du egungo egoerak, baina orain arte emaitza negatiboa izan da.
Gaurkoa, ordea, emankorra izan da, eta aurten, lehen aldiz, bi gorpu berreskuratu ahal izan dituzte.
Ostiralean hasi ziren gorpuak lurpetik ateratzeko lanak Gazteluberriko hilerrian eta gaur amaitu dituzte.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburua bertan izan da gaur goizean, Jose Hernandez Aristu herriko alkatearekin eta hainbat memoria-elkartetako ordezkariekin batera.
Jose Hernandez Aristu eta Ana Ollo. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Gazteluberriko Udalak desobiratzearen lekuan oroitarri bat jartzeko borondatea adierazi du, eta datozen hilabeteetan Institutuak prospekzio lanekin jarraituko du hainbat lekutan, urte hasieran onartutako exhumazio planari jarraituz.
Horrez gain, frankismoaren aurkako borrokaren memoria berreskuratzeko prozesua abiatzeko asmoa du Institutuak, elkarrizketa sorta bat landuz.