Politika -

Koronabirusa

Urkulluk "zuhurtzia eta zorroztasuna" eskatu du, egindako ahalegina ez galtzeko

Lehendakariak Gurutzetako Ospitalea bisitatu du, 1 faseko lehen egunean.

Iñigo Urkullu, Gurutzetako Ospitalean egindako bisitan. Argazkia: Irekia.
Iñigo Urkullu, Gurutzetako Ospitalean egindako bisitan
Iñigo Urkullu, Gurutzetako Ospitalean egindako bisitan. Argazkia: Irekia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "zuhurtzia eta zorroztasun handiena" eskatu die EAEko herritarrei, deseskalatzearen 1 fasean; izan ere, haren esanetan, "egindako ahalegina eta egindako bidea ezin dugu bertan behera utzi".

Lehendakariak Gurutzetako Ospitalea bisitatu du astelehen honetan, hau da, 1 faseko lehen egunean. Bisita horretan, Urkulluk aukera izan du ospitale-zentro horretako profesionalek pandemiaren unerik gorenean egindako lana bertatik bertara ezagutzeko.

"Euskadi deseskalatzearen beste fase batean sartu da, eta horrek jarduera pixkanaka berreskuratzea dakar", gogorarazi du Urkulluk. Lehendakariaren arabera, hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa da prebentzio- eta autobabes-neurriak hartzea: "Euskal gizarteak heldutasuna, seriotasuna eta erantzukizuna erakutsi ditu", esan du, eta eskatu du, "norbanakoaren eta taldearen konpromisoan, atzerapausorik ez emateko", egungo egoera sendotu ahal izateko.

Lehendakariak berretsi duenez, "kutsatzeak murrizten jarraitzen saiatzea da ezinbestekoa"; izan ere, "jarduera izanik ere, ezin dugu orain arte lortutako guztia desegin, ezin dugu baliorik gabe utzi gizarteak orokorrean erakutsitako ahalegina eta sakrifizioa".

Herritarren "ardura"

Nabarmendu duenez, "garaia da, faseak gainditu ahala, zuhurtzia eta zorroztasuna exijitzeko". Lehendakariak eskatu die herritarrei "konturatzeko ardura dutela, bai euren osasunari dagokionez, bai eta guztion osasunari dagokionez ere".

Lehendakariak Osakidetzako ospitale-sareko profesionalek pandemia honetan egunero egiten duten ahalegina eskertu eta aitortu du. Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, Gurutzetako Ospitaleko instalazioak bisitatu ditu. Ospitale horretan izan dira Bizkaiko COVID-19aren paziente gehienak; pandemiaren unerik gorenean, 270 lagun izan zituzten plantan ospitaleratuta, eta 75 paziente Zainketa Intentsiboko Unitatean.

Pandemiaren hasieratik, 6.500 ospitaleratze baino gehiago egin behar izan dituzte Osakidetzaren sareko ospitaleetan, eta 559 pertsona artatu behar izan dituzte kritikoen unitateetan. Halaber, 12.000 pertsona baino gehiago sendatu dira edo ospitaleko alta jaso dute.

Hainbat langileren protesta

Bisitan, zenbait langilek eta sindikatu-ordezkarik protesta egin dute, osasungintzako langileen egoera salatzeko, eta "egindako kudeaketa penagarri eta propagandistikoa agerian uzteko", LABek jakinarazi duenez.

Protestan txistuak izan dira, bai eta oihuak ere ("kanpora, kanpora", oihukatu dute); langileek eta sindikatu-ordezkariek kartelak erakutsi dituzte, Osasun sailburuaren dimisioa eskatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea COVID kasuak Konfinamenduaren deseskalatzea