Politika -
Aberri Eguna
Aberri Eguna ospatzeko eta koronabirusarekin hildakoak gogoratzeko deia egin du EAJk
Euskal Herria eraikitzeko modurik onena "herritarrak zaintzea eta babestea" dela azpimarratu du Andoni Ortuzarrek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datorren igandean Euskal Herriko balkoietan ikurrina jartzeko deia egin du EAJk, Aberri Eguna ospatzeko, koronabirusarekin hil diren pertsonak oroitzeko eta pandemiaren aurka lehen lerroan ari diren langileei esker ona adierazteko.
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak aurkeztu du aurtengo Aberri Eguneko manifestua. 'Euskadi aurrera. Lortuko dugu!' goiburupean ospatuko du EAJk 2020ko edizioa.
Ortuzarrek esan du bere alderdiaren lehentasuna "herritarrak zaintzea eta babestea" dela, eta erantsi du horixe dela, hain zuzen ere, Euskal Herria eraikitzeko eta herri gisa irauteko "modurik onena".
"Osasun eta ekonomia makalaldi honetatik ateratzea premiazkoa da. Hori da datozen hilabeteotan izango dugu erronka. Gure herriaren etorkizunean eta euskal gizarteak edozein erronkari heltzeko duen determinazioan sinesten dugu. Gainera, bide hori zuzentzeko gai izango diren erakundeak ditugu. Pausoz pauso Euskadi libre eta subiranoa eraikiko dugu", adierazi du.
Alarma egoera honetan Aberri Egunak "sinbolismo berezia" izango duela azpimarratu du Ortuzarrek; baina, hala ere, aurreko edizioetan bezala, igande honetan ere balkoietan ikurrinak jartzeko gonbita luzatu die herritarrei.