Politika -
KORONABIRUSA
Urkullu: "Gizarteak neurriak osasuna zaintzeko direla ulertu behar du"
Kutsatuen kopurua 148ra igo da EAEn eta, azken datu ofizialen arabera, sei hildako egon dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, koronabirusaren krisiari dagokionez, gizarteak argi izan behar du erabakiak inpaktua murrizteko eta guztion osasun publikoa babesteko ezinbestekoak direnean hartzen direla, ahulenen kasuan bereziki.
Urkulluk koronabirusaren jarraipenerako eta koordinaziorako bilera zuzentzen du Lehendakaritzan. Kutsatuen kopurua 148ra igo da EAEn eta, azken datu ofizialen arabera, sei hildako izan dira.
Bilera baino lehen, zenbait adierazpen egin ditu. Eusko Jaurlaritzak Gasteizko hezkuntza zentro, unibertsitate eta haurtzaindegi guztiak, baita Guardiako eta Bastidako zentro batzuk ere, bihartik hasita martxoren 23ra arte ixtea erabaki duela baieztatu du Urkulluk.
Horrez gain, gizarteari pertsona bakoitzak prebentzioz har ditzakeen neurriak gogoraraztea garrantzitsua dela adierazi du lehendakariak: "Autobabeserako neurriak ezinbestekoak dira".
Koronabirusaren "dimentsioa eta eboluzioa" dela eta, ziurtatu du teknikariek hartzen dituzten erabakiak errespetatzea garrantzitsua dela, gaitza "ahalik eta gutxienera" murrizteko eta herritarren osasuna babesteko.
"Gure arreta osoa eskatzen duen mundu mailako gaitz bat bizitzen ari gara. Osasunaren Mundu Erakundearen eta Nazio Batuen gomendioak jarraitzen ari gara", nabarmendu du.
Euskal erakundeek koordinatuta lan egingo dutela eta erabakiak irizpide teknikoak eta profesionalak jarraituz hartuko dituztela azaldu du Urkulluk.
Lehendakariaren arabera, Jaurlaritzak komunikazio gardena eta iraunkorra mantenduko du: "Gure helburua gizarteak osasun agintariek emandako aholkuak ulertzea eta betetzea da".
Jaurlaritzak gaia "merezi duen seriotasunez, lasaitasunez eta arduraz" landuko duela adierazi du Urkulluk, eta teknikariek, profesionalek, erakundeek eta herritarrek elkarturik eta koordinatuta egoerari aurre egin behar diotela azpimarratu du.
Osasun Ministerioarekin eta beste autonomia erkidegoekin duten komunikazioa eta koordinazioa ere iraunkorra izaten ari dela adierazi du.
"Oso garrantzitsua da osasun agintariek emandako prebentziozko eta kautelazko neurri guztiak betetzea", adierazi du bilera hasi baino lehen.
Urkulluk zuzendutako bileran Arabako Ramiro Gonzalez, Bizkaiko Unai Rementeria eta Gipuzkoako Markel Olano kontseilariek, Gizarte Politiken arduradunek, Eudelgo presidenteak eta Gazteizko Gorka Urtaran alkateak ere hartu dute parte.