Politika -

Podemos Euskadi

Lander Martinezek dimisioa eman du Podemos Euskadiko idazkari nagusi gisa

"Alde batera pauso bat" egitea erabaki duela azaldu du, Miren Gorrotxategik, Rosa Martinez bere hautagaiari gailenduta, lehendakarigai izatea lortu eta gero.

Martinez, dimisioa iragarri duen agerraldian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Lander Martinez
Lander Martinezek dimisioa eman du Podemos Euskadiko idazkari nagusi gisa

1:16

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lander Martinez orain arte Podemos Euskadiko idazkari nagusi izan denak dimisioa eman du gaur, Miren Gorrotxategi Pablo Iglesiasen ildoko hautagaia Rosa Martinezi gailendu ostean lehendakarigai izateko lehian.

Alderdi moreko primarioetako emaitzak ezagutzera emateko prentsaurrekoan egin du iragarpena Martinezek. Bertan azaldu duenez, bera buru duen zuzendaritzak "Rosa Martinezen aldeko apustua" egin zuen, baina apustu horrek "ez du gure militanteen babesa jaso". "Beraz, uste dugu logikoena dela alde batera pauso bat ematea", iragarri du.

Horrenbestez, hauteskunde-kanpaina Gorrotxategiren taldearen esku utzi dute. Horrez gain, gestora batek zuzenduko du alderdia, biltzar batean zuzendaritza berria aukeratu arte.

Gestora horri laguntzeko prest agertu da Martinez. "Datozen asteak oso gogorrak izango dira, baina baita oso garrantzitsuak Podemos Euskadirentzat", erantsi du. 

Orain arte Podemos Euskadiko idazkari nagusia izan dena Bizkaiko hautagaien artean bigarren bozkatuena izan da. Aurreratu duenez, "ziurrena" Rosa Martinezen zerrendakoek uko egingo diote apirilaren 5eko hauteskundeetan eta alderdiaren hurrengo biltzarrean aurkezteari. "Militanteek beste proiektu bat babestu dute", arrazoitu du.

Martinezen esanetan, "logikoena da demokratikoki irabazi dutenek ateratzea proiektua aurrera, eta orain proiektua primarioak irabazi dituztena da".

Egindako lanarekin "harro" azaldu da Martinez. "Podemosen urte onenak izan dira Euskadin, eta euskal politikagintzan sendotzea lortu dugu", adierazi du.

Martinezek azaldu du agerraldia baino lehen Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiari jakinarazi diola erabakia, eta horrek egindako lana eskertu diola.

Erreakzioak

Dimisioaren berri jakin eta gutxira Podemos Euskadiko hainbat buruzagi ohik mezuak eskegi dituzte Twitterren, Lander Martinezen orain arteko lana goraipatuz. Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusi ohiak, esaterako, honakoa esan du: "Eusko Legebiltzarrean zein Podemos Euskadiren Zuzendaritzan Lander Martinezek eta bere lantaldeak egindako lana eredugarria izan da. Eurak eta Rosa Martinez barik, euskal ezkerrak maila, freskotasuna eta gobernatzeko ahalmena galdu du gaur".

Ildo beretik mintzatu da Eduardo Maura Albaren zuzendaritzan idazkari politikoa izandakoa. Mauraren esanetan, bai Lander Martinezek eta baita Rosa Martinezen taldeak "lan bikaina" egin dute azken urteetan. "Indarrarekin borrokatzea eta garaiz joaten jakitea politikoa da, eta ondo egin dute", adierazi du.

Lander Martinez 2017tik izan da Podemos Euskadiko idazkari nagusi. Zuzendaritza aukeratzeko barne hauteskundeetan bere zerrenda atera zen garaile, Maria Valiente bigarren hautagaiari (Pablo Iglesiasen ildokoa) 100 boto pasatxoko aldea aterata.

BIDEOA | Lander Martinezen ibilbide politikoa

Lander Martinezen ibilbide politikoa
Lander Martinezen ibilbide politikoa
Lander Martinezen ibilbide politikoa

1:30
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Lander Martinez Hierro Miren Gorrotxategi azken ordukoa