Politika -

Negoziazioa

Aurrekontuak onartzeko akordioa datorren astean ixtea espero du Elkarrekin Podemosek

Datozen bi urteetan 217 milioi euro bideratu ahal izango ditu koalizio moreak, Cristina Macazaga legebiltzarkideak Radio Euskadi zehaztu duenez.

Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Irudia: Radio Euskadi
Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Irudia: Radio Euskadi
217 milioi euro dira Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostutako kopurua

1:25

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko aurrekontuak onartzeko akordioa datorren astean ixtea espero du Elkarrekin Podemosek, koalizio moreak Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' irratsaioan azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemosen artean adostutako aurreakordioarekin koalizio moreak 217 milioi euro zertara bideratu erabaki ahal izango du datozen bi urteetan, Cristina Macazaga koalizioko legebiltzarkideak zehaztu duenez.

Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' irratsaioan, akordioa 217 milioikoa izango dela adierazi du Macazagak. Zenbateko batzuk zehazteke daudela esan du legebiltzarkideak, eta datorren aste hasieran Eusko Jaurlaritzarekin adostuko dituztela erantsi du.

"Benetako akordio baten bezperan gaude", baieztatu du Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, "datorren astean ixtea espero dugu". "Gobernuarentzat, Exekutiboko kideentzat eta gizartearentzat albiste ona da", gaineratu du jeltzaleak.

Bestalde, EH Bilduren aurka egin du Egibarrek: "EAJrekin negoziatu behar dugunean, benetako bertigoa sentitzen dugu".

"Podemosek EAJri aurrekontu batzuk onartzeko erabakia aldez aurretik hartu zuen, eta ondoren negoziazioa izan da. Aurrekontu hauek 2016tik ditugun kontu txar berdinak dira", kritikatu du Iker Casanovak (EH Bildu).

EH Bildu: "Podemos EAJri zenbat urtez lotzen zaion ikusi beharko"

Gainera, 217 milioiko zenbatekoa zalantzan jarri du Casanovak: "Podemosek aurkeztutako zuzenketetan ez daudelako. Podemos EAJri zenbat urtez lotzen zaion ikusi beharko".

"Iaz negoziatzen ari zenean EH Bilduk ezberdin hitz egiten" zuela aurpegiratu dio Alexia Castelok (PSE-EE). "Haserretu eta jarrera gogortzen dute. Pankarta atzean eroso daude, alternatiba direla esanaz, baina ez dira sekula benetako alternatiba bat. Aurrekontuak aurrera ateratzearekin pozik gaude, izaera sozialeko politikak direlako, nahiz eta desitxuratzen saiatu", azpimarratu du.

Azkenik, Anton Damborenearen (PP) hitzetan, "adostea beti ondo dago. Halere, ituna baino lehenagoko aurrekontua dagoeneko txarra zen, eta orain Podemosen akordioak okertu besterik ez du egin. Guk duela bi urte zergak jaistea, gastu publikoa gelditzea eta inbertsioa areagotzea adostu genuen; orain, superabitarekin, 2018koa baino aurrekontu txikiagoa ekarri digute, inbertsio gutxiagorekin. Gastu gehiago du soilik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak