Politika -
Bilbo
'Pikara Magazine'k ardura politikoak eskatu ditu pintada faxisten ondoren
Mugimendu feministak faxismoaren aurka azaroaren 8an deitu duen manifestazioan parte hartuko dute 'Pikara Magazine'k eta Faktoria Lilak.
Agentziak | Erredakzioa
Pikara Magazine aldizkari feministak "erantzukizun publiko eta politikoak" eskatu ditu, igande gauean, urriak 27, pintada faxistak agertu ostean horren erredakzioan bertan, baita Faktoria Lilaren lokal zaharrean ere, Bilboko San Frantzisko auzoan.
Pikara aldizkariko koordinatzaileetako batek, Andrea Momoitiok, gogoratu duenez, bere lokaleko kristalean "Sorosen putak" irakur daiteke, horiz eta eskuin muturreko alderdi bateko gazteek sinatuta; Faktoria Lilaren kasuan, pintadak Irantzu Varela koordinatzailearen aurkako eraso zuzena izan dira.
Momoitioren hitzetan, "Pikarari erasotzea komunikabideei erasotzea da, eta Irantzuri erasotzea mugimendu feministari erasotzea da", eta, horregatik, "erantzukizun publiko eta politikoak" eskatu dizkio Bilboko Udalari; izan ere, horren esanetan, oraindik ez da harremanetan jarri kaltetutako lokalekin egoera baloratzeko, eta horien artean dago "Ongi etorri errefuxiatuak" elkartearen egoitza ere.
Irantzu Varelari berari espresuki zuzendutako hirugarren pintada da hau, bere izen eta abizenekin. Horrez gain, Twitterreko profil batean haren datu pertsonalak argitaratu dituzte, haren telefono zenbakia, besteak beste.
Hala, Pikara Magazinek eta Faktoria Lilak Mugimendu Feministak faxismoaren aurka deitu duen manifestazioan parte hartuko dute, "Kristalen gaua hautsita" lelopean, datorren azaroaren 8an, 19:00etan, Arriaga Antzokiko plazan.
Honela garbitu zituzten pintada faxistak Pikara Magazinen: