Politika -

Barne hauteskundeak

EAk errefusatu egin du Ramirezen helegitea, eta Blanco izendatuko du idazkari nagusi

Eba Blanco hautagai ofizialistak urriaren 28an hartuko du kargua alderdiaren idazkari nagusi berri gisa.

Eba Blanco, EAren idazkari nagusi berri izango dena. Argazkia: EH Bildu
Eba Blanco, EAren idazkari nagusi berri izango dena. Argazkia: EH Bildu
Eba Blanco, EAren idazkari nagusi berri izango dena. Argazkia: EH Bildu

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunaren Hauteskunde Batzordeak atzera bota du Maiorga Ramirezek bere hautagaitza baliogabetzearen aurka jarritako helegitea, eta iragarri du urriaren 28an Eba Blanco hautagai ofizialista izendatuko duela idazkari nagusi.

Hauteskunde Batzordeak bilera egin zuen atzo, eta kaleratutako ebazpenean errefusatu egin zuen Maiorga Ramirez sektore kritikoaren ordezkariak aurkeztutako helegitea. Ondorioz, hautagaitzaren baliogabetzea berretsi zuen.

Ramirezek 400 abal aurkeztu zituen, eta Eba Blancok, 60.

Hauteskunde Batzordeak, Pello Urizarrek dimisioa eman zuenetik Julen Gezuraga buru duen sektore ofizialaren esku dagoenak, gutun bat bidali die alderdikideei Ramirezen hautagaitzaren baliogabetzea azaltzeko, eta atzokoan aurkeztutako alegazio guztiak aztertu zituztela esatera mugatu da, Ramirezen helegitea aipatu ere egin gabe.

Batzordeak aurreko astean esandakoa berretsi du, hau da, Ramirezek Ipar Euskal Herritik aurkeztutako bi abalak ez direla nahikoa, araudiak lurralde bakoitzeko 5 aurkeztu behar direla esaten duelako.

Sektore kritikoak gogor kritikatu du EAren zuzendaritza nazionalaren jarrera, "alderdikideen erabakia lapurtzea" egotzita.

Ramirezen sektoreak agiri batean azaldu duenez, Hauteskunde Batzordeak helegitea atzera botatzeko eman duen ebazpena "zentzugabea" da, sinetsi egiten duelako Ipar Euskal Herriko militanteen errolda "epea amaitu baino lau ordu lehenago taberna bateko iragarki taulan jarri zutela".

Ramirezek iragarri du orain EAren Berme Batzordera joko duela eta "bide guztiak" jorratuko dituela "alderdikideei hitza itzultzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Alkartasuna Eguneko albisteak Albisteak