Politika -

EAren primarioak

EAko Hauteskunde Batzordeak Maiorga Ramirezen hautagaitza baliogabetu du

Horren aurrean, Ramirezek iragarri du "berehala helegitea" aurkeztuko duela Eusko Alkartasunako (EA) berme batzordearen aurrean eta Hauteskunde Antolaketa Batzordean bertan.

Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko buruzagi eta EH Bilduko parlamentaria. Argazkia: EiTB
Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko buruzagi eta EH Bilduko parlamentaria. Argazkia: EiTB
Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko buruzagi eta EH Bilduko parlamentaria. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunak (EA) urriaren 25ean egingo ditu idazkari nagusi berria aukeratzeko hauteskunde primarioak, eta Hauteskunde Antolaketa Batzordeak Eba Blancoren hautagaitza onartu du bakarrik, izan ere, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko buruzagi eta EH Bilduko parlamentariak “ez du lurralde bakoitzeko gutxienez bost abal lortzeko baldintza bete”.

Hauteskunde Antolaketa Batzordeak agiri bat kaleratu du hautagaiek aurkeztutako txostenak aztertu ostean, eta, idatzi horretan nabarmendu duenez, “hautagai guztiek lurralde bakoitzeko hauteskunde-erroldetara jotzeko aukera izan dute bost egunez, eta inoiz ez zaie sarbidea ukatu”.

Hala, hautagai guztiek aurkeztutako abal guztiak aztertuta, Maiorga Ramirezek ez dituela abalen inguruko baldintza guztiak bete ebatzi du Hauteskunde Antolaketa Batzordeak, “ez duelako gutxieneko kopurua lortu lurralde guztietan".

Zehazki, Ramirezek aurkeztu dituen 400 abaletatik 21 ez dira baliagarriak, ondorengo irregulartasunak atzeman baitituzte: “nortasun agiririk aurkeztu ez duten hiru, kuotak ordaindu gabe dituzten bost, EAko hauteskunde-erroldan ageri ez diren hiru, aurkeztutako NANarekin bat ez datozen bikoiztutako lau, babesten duten hautagaia zehaztu ez duten bi, epez kanpo aurkeztutako bi eta emandako ustezko babesa zehazten ez duen bat".

Gainera, Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, bi hautagai ezberdin abalatu dituzten kasuak antzeman dituzte, “eta, ondorioz, horiek ez dira onartu”.

Abalen zenbaketa amaituta, Hauteskunde Batzordeak hauteskunde primarioetarako onartu duen hautagai bakarraren berri eman du: Eba Blanco de Angulo. “Hautagai bakoitzak hauteskunde-erroldan izena emanda dauden pertsonen 50 abal edo gehiago aurkeztu behar ditu, eta, lurralde bakoitzetik bost, gutxienez. Eba Blancok bakarrik lortu du hori”, azpimarratu du Hauteskunde Batzordeak.

Helegitea aurkeztuko duela iragarri du Ramirezek

Erabaki horren aurrean, batzorde horretako kide guztiak Blancoren aldekoak direla salatu du Maiorga Ramirezek.

Ohar batean azpimarratu duenez,  gertatutakoa “zentzugabea“ da, eta “berehalako helegitea” aurkeztuko duela iragarri du EAko Berme Batzordearen aurrean eta Hauteskunde Batzordean bertan.

Maiorga Ramirezen ustez, egoera hori "benetako eskandalua" da, eta Eusko Alkartasunaren afiliazioaren "parte-hartze eskubidea ukatzea baino ez du helburu". "Alderdiko idazkari nagusi Eba Blanco automatikoki izendatzean, 400 militante baino gehiago baztertu dira hauteskunde prozesutik", salatu du Ramirezek.

Testuinguru horretan, Blancori "erabat irregularra" den egoera kudeatzea egokituko zaiola esan du Ramirezek, eta Blancok baino sei aldiz abal gehiago aurkeztu dituela nabarmendu du.

Gauzak horrela, “aurrekaririk gabeko gehiegikeria” dela salatu du Ramirezek, eta lehen instantzian, erabakiaren aurkako helegitea Berme Batzordearen aurrean eta Hauteskunde Antolaketa Batzordean aurkeztuko duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak