Politika -

MANIFESTAZIOA DONOSTIAN

Agente politiko eta sozialek Gorenaren sententziaren larritasuna salatu dute

LLuis Llach: "Poliziak horrela jokatzen duen bitartean, ez ditut istiluak gaitzetsiko". EAJk elkarrizketarako deia egin du eta EH Bilduk "bidea elkarrekin" egiteko eskatu die subiranista guztiei.

Ortuzar, komunikabideen aurrean hizketan, manifestazioaren aurretik. Argazkia: EiTB
Ortuzar, komunikabideen aurrean hizketan, manifestazioaren aurretik.
Kataluniako auziari irtenbide politikoa eman behar zaiola diote eragile politikoek

1:11

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Donostian, Gure Esku plataformak deituta, Kataluniako prozesaren kontra Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia salatzeko eta espetxeratutako politiko presoei elkartasuna adierazteko, "Erreferenduma ez da delitua" lelopean egin den manifestazioan.

EAJko, EH Bilduko eta Podemoseko buruzagi eta kargu publikoak, ELA eta LAB sindikatuetako arduradunak, erakunde sozialetako kideak zein milaka herritar bildu dira protestara, "injustizia izugarri hau" salatzeko. Gogoan izan behar da 9 eta 13 urteko kartzela-zigorrak ezarri zizkiela Gorenak auzipetuei.

Manifestazioa hasi aurretik komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Lluis Llach abeslari eta Junts pel Siko diputatu ohiak ohartarazi du Auzitegi Gorenaren epaiak "oinarrizko berme demokratikorik gabe" utzi duela Estatua.

"Inolako indarkeriarik babesten ez" duen arren, azken egunotan Katalunian gertatu diren istiluak ez dituela gaitzetsiko ere esan du, "Estatuko zein Generalitateko poliziak jokatzen ari diren bezala jokatzen jarraitzen duten bitartean". "Manifestazio baketsu bakoitzaren ondoren, Poliziak eta Mossoek jarrera probokatzaileak izan dituzte, eta tamalez, erantzuna jaso dute" hausnartu du.

Luis Llach

"Kataluniako independentismoa mugimendu baketsua" izan dela beti gogoratu du, "hala erakutsi dugu urte luzez".

Andoni Ortuzar EBBko buruzagiak ere Kataluniarekiko eta zigortutako pertsonekiko "elkartasuna eta gertutasuna" adieraziz hasi du bere interbentzioa, eta Auzitegi Gorenaren epaia "bai politikoki bai juridikoki oso larria" dela salatu du.

"Guk uste dugu ez Kataluniako gatazkaren ez euskal gatazkaren irtenbidea ez dela epaitegietatik ezta salbuespen legeen aplikaziotik etorriko. Elkarrizketatik eta sistema demokratikotik etorriko dira" defendatu du.

andoni ortuzar

"Bide horrek ezin du indarkeriarik izan" ohartarazi du, "indarkeriak ez baitu zentzurik ez eta lekurik kataluniarren edo euskaldunen eskubide nazionalen defentsan" argudiatu du. Horregatik, indarkeria erabiltzen ari direnak "kalte" egiten ari direla iritzi dio Ortuzarrek.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaile parlamentarioak ere elkartasuna agertu die herrialde katalanei eta Gorenaren erabakia "erabat lotsagarria" dela salatu du. Hala, "Estatuaren inboluzio antidemokratiko" horren aurrean, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako subiranistei "bidea guztiek elkarrekin" egiteko deia egin die.

"Ehunka mila lagun ikusi ditugu Katalunian erreferenduma ez dela delitua esaten, herriari hitza ematea ez dela delitua esaten" defendatu du.

maddalen iriarte

Azken egunotan izan diren istiluei buruz galdetuta, EH Bilduko buruzagiak esan du atentzioa deitzen duela "fokua istiluetan jartzeak, milaka kataluniar modu baketsuan protesta egiten ikusi ditugunean". Dena dela, "EH Bilduk beti defendatuko ditu bide demokratiko eta baketsuak" gaineratu du, eta "horixe da alderdi katalanak egiten ari direna" amaitu du.

Josetxo Arrieta Podemoseko ordezkariak ere argi utzi du bere alderdia Auzitegi Gorenaren "epai politikoaren" kontra dagoela eta Katalunian sortutako egoerari "beste irtenbide batzuk" aurkitu behar zaizkiola gaineratu du. Ildo horretan, "herriei ahotsa eta askatasuna" eman behar zaizkiela defendatu du, "elkarrizketari ateak itxi gabe".

josetxo arrieta

Istiluen inguruan, "herri mobilizazioetan batzuetan gehiegikeriak" gerta daitezkeela esan du, baina ezin dela "mobilizazioa kriminalizatu". 

"Hainbat komunikabidetatik kriminalizazio saiakera bat egon da. Gehiegikeria horiek ez daitezen gertatu saiatu behar gara, baina batzuek Katalunian gertatzen den guztia kriminalizatu nahi dute" ondorioztatu du.

Sindikatuen aldetik, LABeko idazkari Garbiñe Aranburuk esan du Espainiako Estatuak "ez dela demokratikoa" erakutsi duela, "demokraziak aurrera egiten duen heinean egiten baitu berak atzera, kontrako norabidean"."Baina ez dago legerik ez errepresio judizial edo polizialik herriaren borondatea geldiaraziko duenik" ohartarazi du: "Autodeterminazioaren alde badago gehiengoa, azkenean gauzatu egingo da".

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere irakurketa bera egin du. Zentzu horretan, "Estatuaren birzentralizazioak markatutako une politikoa" bizi dugula adierazi du Lakuntzak, garbi uzten duela epaiak hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika EAJ-PNV Donostia Gure Esku EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak