Politika -

Gure Esku

Milaka pertsona Donostian, 'proces' auziko epaiaren aurkako protestan

Manifestazioaren amaieran deitzaileek manifestu bat irakurri dute. "Gizarte mobilizazioa eta desobedientzia zibilaren aurrekaririk gabeko kriminalizazio baten aurrean gaude", salatu dute.

'Proces' auziko epaiaren aurkako manifestazioa Donostian. Argazkia: EH Bildu
'Proces' auziko epaiaren aurkako manifestazioa Donostian. Argazkia: EH Bildu
'Proces' auziko epaiaren aurkako manifestazio jendetsua izan da Donostian

1:09

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona proces auziko epaiaren aurka protesta egiten ari dira Donostian, "Erreferenduma ez da delitua-Askatasuna-Erabakitzeko eskubidea defenda dezagun" lelopean. EAJ, EH Bildu eta Podemoseko buruzagiek eta kargudun publikoek deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, Andoni Ortuzar presidente jeltzaleak. Indarkeria ekintzek Kataluniako herriaren borrokari "batere mesederik" egiten ez diotela esan du Ortuzarrek.

Era berean, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek protestarekin bat egin dute, baita hainbat elkarte sozial eta herri plataformek ere. Auzitegi Gorenaren sententzia "bidegabekeri izugarria" dela uste dute.

Mobilizazioa Antiguako tuneletik abiatu da. Txilibitu horiak banatu dituzte. Lluis Llach abeslari eta Junts pel Siko diputatu ohiak elkartasuna eskertu du. Llachen ahotan, Auzitegi Gorenaren epaiak "Estatuaren oinarrizko berme demokratikoak baliogabe utzi ditu".

"Estatuko Poliziak eta mossoek jokabidea aldatu ezean" azken egunetako istiluak gaitzesteari uko egin dio Llachek, nahiz eta "indarkeriaren alde ez egon".

Llachen hitzetan, "manifestazio baketsu bakoitzaren ondoren Poliziaren eta Mossoen probokazioak izan dira, eta tamalez erantzun egin diete".

Kataluniako independentismoa "mugimendu baketsua izan da beti, horretan ez dago zalantzarik, eta urteetan demostratu du", ziurtatu duenez.

Manifestazioaren buruan, besteak beste, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, Bel Pozueta Altsasuko gazteetako baten ama, Gema Zabaleta sailburu ohi sozialista eta Gure Eskuko kideak izan dira. 'Katalunia aurrera' eta independentziaren aldeko oihuak entzun dira martxan.

Era berean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Joseba Egibar GBBko presidenteak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, Mertxe Aizpurua, Juan Carlos Eizagirre eta Rebeca Ubera koalizio ordezkariekin batera, Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak parte hartu dute, baita Josetxu Arrieta eta Maria Valiente koalizio moreko ordezkariek ere.

Antolakuntzak 50 autobus baino gehiago prestatu ditu Donostiara hurbiltzeko, eta Euskotrenek bere zerbitzua indartu du Zumaiatik.

Etxaburu: "Estatuak mendean nahi gaitu"

Josu Etxaburu Gure Esku plataformako bozeramaileak adierazi duenez, "intentsitate handiko krisi demokratiko larria bizi dugu". "Estatuak mendean nahi gaitu, baina gure eskubide zibil eta politikoak defendatzeari uko egiten ez diogula demostratzen du manifestazio honek", esan du.

Euskal herritarrek "etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki" nahi dutela nabarmendu du Etxaburuk. Zentzu horretan, plataformak "gure bide propioa eraikitzeko" lanean jarraituko duela erantsi du.

Manifestazioaren amaieran, deitzaileek manifestu bat irakurri dute. "Gizarte mobilizazioa, disidentzia politikoa, protesta masiboa, desobedientzia zibila eta autodeterminazio eskubide zein erabakitzeko eskubidearen aurrekaririk gabeko kriminalizazio baten aurrean gaude", salatu dute.

"Gure erabakitzeko eskubidea gurea da. Ariketa oztopatu dezakete, baina ezin digute kendu", azpimarratu dute. Urriaren 1eko erreferenduma "galdeketa bat baino gehiago izan zen; zibismo eta balio demokratikoen erakustaldia izan zen", gaineratu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Gipuzkoa Kataluniako erreferenduma Euskal Autonomia Erkidegoa Gure Esku Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak