Politika -

Gorenaren epaiaren ostean

Altsasuko gurasoak, Estrasburgora jotzeko prest

Urriaren 26rako epaia salatzeko manifestazio "erraldoia" deitu dute Iruñean. Euren hitzetan, "ez da justizia egin, injustizia baieztatu da".

Altsasuko gurasoak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Altsasuko gurasoek Iruñean eskaini duten prentsaurrekoa.
Urriaren 26rako bilkura deitu dute Iruñeko Justizia Auzitegian Altsasuko gurasoek

6:06

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Altsasuko auziaren inguruko epaia eman eta biharamunean, euren "amorrua eta sumina" nabarmendu dute zortzi gazteen gurasoek, eta aurreratu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino joateko prest daudela, "injustizia" horren aurrean. Horrez gain, azken hiru urteotan lagun izan duten "elkartasun eta mobilizazioari" dei egin diote beste behin ere, eta manifestazio handi bat deitu dute urriaren 26rako. "Iruña lepo bete behar dugu", nabarmendu dute.

Zortzi gazteen senitartekoek eta Altsasukoak Aske plataformako kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian. Azpimarratu dutenez, Gorenaren epaiak "ez du justizia egin" eta "injustizia baieztatu" baino ez du egin.

Auzia Europara eramateko aukeraz, Antxon Ramirez de Aldak, Adurren aitak, uste du auzitegi horrek Espainiako Estatuari esango diola, beste behin, "bere justiziak gabezia asko" dituela

Izaskun Etxeberriak (Altsasukoak Aske) eta Ramirez de Aldak euskaraz eta gazteleraz irakurritako agirian, euren "sumina, haserrea, inpotentzia eta amorrua" erakutsi nahi izan dute senitartekoek. Esan dutenez, epaiak "auzi honen bidegabekeriari eta sufrimenduaren luzapenari eusten die, eta baieztatzen du erabat ohiz kanpokoa dela".

"Injustizia makillatzen saiatu badira, ez dute lortu; hau astakeria da, zentzugabekeria", ziurtatu dute senideek. Salatu dutenez, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa "irregulartasunez josita izan da, bermerik gabekoa. Guardia Zibilaren nonahikotasunak markatu egin du".

Senideen iritziz, epaiak "amarru honen helburu ilunei eusten eta horiei balioa ematen die, horren alde egiten du; auzi hau ohiz kanpokoa da, ondorio politikoak, mediatikoak eta judizialak ditu".

"Auzi honen erabilera zitalari eusteko giza zigor oso latza eta bidegabea da", esan dute.

Manifestazioa, Iruñean

Altsasuko gazteak, adierazi dute, "lasai daude, fase berrian ari dira pentsatzen jada"; abokatuekin batera, aztertzen ari dira "zein faktorek egin dezaketen euren alde, kartzelatik irten ahal izan daitezen", baimenak edo hirugarren gradua kasu.

"Zigorra gure egin dugu", esan du Ramirez de Aldak, eta nabarmendu du: "Orain erantzun behar dugu, bizitzak aurrera jarraitzen duelako eta mutilak saiatuko dira denborarik ez galtzen; izan ere, nahikoa denbora ari dira galtzen, halabeharrez, eurentzat oso garrantzitsua den bizitzako garai honetan".

Senideek azken urteotan izandako "elkartasuna eta mobilizazioa" eskatu dute, eta "manifestazio handia" deitu dute, Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean, urriaren 26rako (larunbata da), 17:00etarako. Elkarretaratze horrekin, goiz horretan bertan Altsasutik irtengo den bizikleta-martxa batek ere egingo du bat: "Iruñea jendez erabat bete behar dugu", berretsi dute.

Gainera, azaroan, gazte batzuk kartzelan sartu zirela hiru urte beteko direla eta, esan dute antolatzen ari direla bi "kontzertu salaketa", erakusketa bat eta auziaren gaineko mahainguru bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Nafarroa Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Altsasu Giza eskubideak Aitak albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia Gazteak gaur