Politika -

UDALEN OSAKETA

Eskuinari mesede egiteko, Navarra Sumarekin ituna izatea leporatu dio EH Bilduk PSNri

Koalizio abertzaleak oharra kaleratu du PSNk eskuinari "udal-gobernuak oparitu" dizkiola salatuz, "gobernu alternatiboak egotea galaraziz".

Maya, Asiron eta Esporrin atzo, Iruñeko Udalean. Argazkia: EFE
Maya, Asiron eta Esporrin atzo, Iruñeko Udalean.
Itunik izan ote da Nafarroan PSNk Udal askoren boterea Navarra Sumari emateko?

1:50

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalen osaketaren biharamunean publiko egindako ohar batean, Nafarroako EH Bilduk gogor kritikatu du PSN, "eskuinei Nafarroako udal gobernuak emateagatik". "Nafarroako udal gobernuen osaketan argi ikusi dugu Navarra Suma eta PSNren arteko itunaren ondorioa zein den: eskuinei aurre egingo lieketen gehiengo alternatiboak ekiditea".

Atzo, izan ere, PSNk jarrera argia izan zuen bozketetan: bere botoa Navarra Sumarentzat edo EH Bildurentzat erabakigarria zen kasuetan, ez zuen horietako inoren aldeko botorik eman eta bere burua bozkatu zuen. Ondorioz, Navarra Sumak hartu zituen udal horietako alkatetza gehienak, Iruñea, Lizarra, Barañain, Burlata eta Egues Ibarra, esate baterako, gutxiengoan agindu beharko badute ere.

Gainera, Uharteko Alkatetzea lortu zuen PSNk zinegotzi bakarra izan arren (EH Bilduk agintzen zuen atzora arte), Navarra Sumako zinegotziek berari botoa eman ziotelako.

Aitzitik, Vianan eta Andosillan PSNk hartu zituen Alkatetzak, Navarra Sumarekin berdinduta egonda, EH Bilduren botoei esker.

"EH Bilduk alkatetzak aukeratzeko lan ildo zehatzak zituen. Batetik, aldaketaren indarrik bozkatuenari babesa eman, Zizurren edo Eguesen egin dugun bezala (Geroa Bai) edo EH Bilduren hautagaia babestu Iruñean, Lizarran edo Barañainen; eta PSN eta Navarra+en arteko berdinketa egonez gero, PSNri boza eman, eskuinek alkatetzak ez izateko, Vianan eta Andosillan egin dugun bezala" azaldu dute.

"Navarra Sumak eta PSNk udal 'agostazo' honen bidez gelditu gaituztela uste badute, oker dabiltza. EH Bilduk 30 alkatetza baino gehiago lortu ditu eta Nafarroako lehen indar munizipalista izaten jarraitzen du. EH Bilduko hautetsiek alkatetzetatik, udal gobernuetatik eta beraien eserlekuetatik lanean jarraituko dute, urte hauetan egindako bidean jarraitzeko eta hasitako politika sozialetan sakontzeko" ohartarazi dute.

PSNk eskuinari alkatetzak "oparitu" dizkiola berretsi du EH Bilduk oharrean: "Gurekin hitz egiteko betoaren atzean, eskuinekin egindako ituna ezkutatu nahi dute, eskuinen aginduetatik eta Madrilgo erabakietatik libre ibiltzeko ezintasuna ezkutatu nahi dute eta, aldi berean, nafar jendartearentzako proiektu falta ezkutatu nahi dute" amaitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Nafarroa EH Bildu Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Navarra Suma