Politika -
Hauteskunde itunak
'Guztiekin' akordioak lortzeko asmoa duela erantzun die Urkulluk EH Bilduri eta PPri
Halaber, Euskadik eskuduntza gehiago lortuko dituela ziurtatu du lehendakariak, eta Kataluniari laguntza eskaini dio, irtenbide negoziatu bat bilatze aldera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak argi utzi du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako aurkeztutako programa beteko duela, eta Legebiltzarreko alderdi "guztiekin" akordioak lortzeko prest dagoela erantzun die EH Bilduri eta PPri. Bi alderdi horiek adostasun batera iristeko proposamena luzatu diote azken egunotan: lehenak, bide subiranista bati jarraituz aurrerapausoak eman ahal izateko; bigarrenak, subiranismoari iskin eginda, "aldaketak" bideratzeko.
Urkulluk ostiral honetan Legebiltzarrean egin dutenb kontrolerako saioan hartu du hitza. Han, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren kezkak argitu nahian ibili da. Izan ere, Euskadik dituen erronkak eta Jaurlaritzak hartutako konpromisoak beteko dituen galdetu diote guztiek.
Hasteko, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak eskatu dio "ez dadila erratu etsai politikoa aukeratzeko orduan". Halaber, PPren eta PSE-EEren botoak "harrapatzeari" uzteko agindu dio, "koalizio independentistarekin batera aurrera egin ahal izateko, eta Euskadi Espainiaren menpe egon ez dadin".
Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos), bestalde, zenbait lege proiektutan Legebiltzarrak erakutsi duen atzerapena izan du gogoan. Horregatik, lehendakariari exijitu dio konpromiso horiek betetzea edo legealdia bukatutzat ematea.
Alfonso Alonso PPko presidenteak ere mezu garbia bidali dio lehendakariari. "Azeleragailu subiranista zapaltzekotan, zaila izango da PPrekin elkarlan egonkor bat lortzea", esan dio. Aldiz, aldaketen aldeko apustua egiten badu eta neurri berriak aurkezten baditu, Jaurlaritzarekin akordioetara heltzeko prest agertu da.
Errealismoa
Urkulluk uste du Euskadik eskuduntza gehiago lortuko dituela. "Zilegi da helburuak izatea, eta nik neuk badauzkat, baina xede horiek eguneroko beharrei errealismoz erantzun ahal izateko beharrizana ezkuta dezake", adierazi du.
Aurrekontuak
Iaz aurrekontuen proiektua ez zuela negoziatu nahi izan gogorarazi dio Alonsori, eta zera galdetu dio: "Benetan pentsatzen duzu PPren jarrera euskal herritarrontzat positiboa izan zela?".
Laguntza eskatu dio KataluniariBukatzeko, aurrerantzean ere Kataluniari laguntzen jarraitzeko asmoa agertu du Urkulluk, baldin eta kataluniarrek hori nahi badute. Gainera, zuhurtziaz jokatuko duela hitzeman die.