Politika -
Gerra zibila eta frankismoa
Memoria Historikoaren aurreneko sei tokiak erregistratu ditu Nafarroako Gobernuak
Gainera, beste zazpi leku gehiago inskribatzeko lanean ari dira, "terrore toki horiek oroimenerako gune bihurtzeko".
Agentziak | Erredakzioa
Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak jakitera eman duenez, Nafarroak Memoria Historikoaren aurreneko sei tokiak behin-betiko erregistratu ditu. Gainera, beste zazpi leku gehiago inskribatzeko lanean ari da, "terrore toki horiek oroimenerako esparru bihurtzeko".
Ollok eta Josemi Gaston Nafarroako Memoria Institutuko zuzendariak agerraldia egin dute ostiral honetan.
Azaldu dutenez, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien erroldan erregistratu diren aurreneko sei lekuak hauek dira: Sartagudako Memoriaren Parkea, Otsoportilloko leizea, Olabeko hobia, Igari eta Bidankoze lotzen dituen errepideko Memoriala, Erreniegako hobien Memoriala eta emakumeen errepresioaren oroimenezko eskultura, Azkoienen.
Lantzen ari diren beste zazpi tokiak hauek dira: Eloko Telleria hobia, Cadreitako Valcaldera hobia, GR 225, Iberoko Tres Cruces mendateko hobia, Etxauriko Memoria Parkea, Berako harrobia eta German Rodriguezen oroimenezko hilarria eta 'Gogoan' eskultura.
3.000 fusilatu baino gehiago
Nafarroan 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituztela gogorarazi dute. Milaka nafarrek "beste mota batzuetako irain eta umiliazioak" jasan zituztela erantsi dute. Olloren hitzetan, toki horiek "ezin daitezke kartel edo errotulu soil batean geratu, bertan gertatutakoa azaldu beharra dago", halako gertakaririk berriz ez errepikatzeko.
Aurreneko sei tokien inskripzioarekin "ezagutza bultzatu" nahi dute, "bere garaian terrore eta indarkeriarako lekuak izan zirenak, oroimenerako eta bake zein elkarbizitza balioak zabaltzeko guneak bihurtzeko".
"Gure helburua memoria ikuspegi kritikoarekin berrikustea da, baina baita elkarbizitza eta bake kultura baterantz aurrerapausoak ematea ere", nabarmendu dute.