Politika -

Makroinkesta

Hamaikagarren EiTB Focus: Boto asmoa udal eta foru hauteskundeetan

Horrez gain, gaurkotasun politikoko hainbat gairen inguruan galdetu zitzaien EAEko eta Nafarroako herritarrei.

2018ko abenduan egin zuten 11. EiTB Focus.
2018ko abenduko EiTB Focus.
2018ko abenduan egin zuten 11. EiTB Focus.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko abenduan kaleratu zen hamaikagarren EiTB Focus inkesta. Maiatzaren 26an EAEn eta Nafarroan izango diren foru eta udal hauteskundeei begira herritarrek duten boto asmoaz eta gaurkotasun politikoko hainbat gairen inguruan galdetu zitzaien.

11. ale hori egiteko 650 eta 1.750 telefono bidezko galdeketa egin zituen Gizaker inkesta etxeak, hurrenez hurren, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Lehen atala, 2018ko abenduaren 13an kaleratutakoa, Nafarroako foru hauteskundeen zein Iruñeko udal hauteskundeen ingurukoa izan zen. Galdeketaren arabera, Gero Baik gorakada nabarmena izango luke, eta UPNrekin parez pare geratuko litzateke eserlekuetan eta boto-portzentajean. Uxue Barkos buru duen alderdiak lau ordezkari gehiago izango lituzke foru ganberan (13 eserleku); UPNk, berriz, bi galduko lituzke (13).

EH Bilduk 2015ean erdietsitako zortziak lortuko lituzke berriro, eta PSNk bi gutxiago izango lituzke (bost parlamentari). Izquierda-Ezkerra (I-E) izango litzateke laugarren indarra, Ahal Dugu Nafarroari boto-portzentajean aurrea hartuta baina eserleku kopuru berarekin (4). Koalizio moreak hiru jarleku galduko lituzke, 7tik 4ra jaitsita.

PPk 2015ean lortutako ordezkaritza (2 parlamentari) galduko luke, Ciudadanosen mesedetan (hiru ordezkari lortuko lituzke Albert Riveraren alderdiak).

Eserleku banaketa Nafarroako Legebiltzarrean (2018ko EiTB Focus)

Boto asmoa Nafarroako foru hauteskundeetan (2018ko abenduko EiTB Focus)

Iruñeko udal hauteskundeetan eman asmo zuten botoari buruz ere itaundu zieten iruindarrei. Horren arabera, UPN izango litzateke indar bozkatuena, baina zinegotzi bat galduta (10etik 9ra pasatuko lirateke). EH Bilduk gora egingo luke, eta 7 zinegotzi eskuratuko lituzke. Geroa Baik, berriz, ordezkari bat galduko luke (4 zinegotzi).

Bestalde, PSNk 2015ean lortutako hiru zinegotziei eutsiko lieke. Ciudadanosek ordezkaritza lortuko luke, lehen aldiz, Iruñean (2 zinegotzi). Aranzadik, aldiz, behera egingo luke, zinegotzi bakarra lortuta (3tik 1era), eta Izquierda-Ezkerrak ere ordezkari bakarra lortuko luke.

Iruñeko zinegotzien estimazioa. 2018ko abenduko EiTB Focus

Hamaikagarren EiTB Focusen bigarren atalak, abenduaren 16an argitaratutakoak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru hauteskundeak izan zituen ardatz. Horren arabera, EAJ izango litzateke garaile, 2015ean erdietsitako emaitzak hobetuta, gainera.

Lurraldeka, jeltzaleak izango lirateke indar bozkatuena Araban, boto asmoa 6,5 puntu igota, eta Alderdi Popularrari lehen postua kenduko lioke. EH Bilduk apur bat hobetuko lituzke emaitzak, eta Arabako bigarren indarra litzateke. Elkarrekin Podemosek 3,6 puntu galduko lituzke, baina hirugarren postuan geratuko lirateke. Jaitsiera nabarmenena Alderdi Popularrarena litzateke. 7,5 puntu galduko lituzkete, eta laugarren postura jaitsiko litzateke. PSE-EEk eta Ciudadanosek 2015eko emaitzak hobetuko lituzkete.

Boto asmoa Arabako foru hauteskundeetan. 2018ko abenduko EiTB Focus

Bizkaian, EAJren hegemonia indartuko litzateke, 5,8 puntuko gorakadarekin, botoen % 44 arte. EH Bildu bigarren indar bezala sendotuko litzateke, boto asmoaren % 19,3rekin. Elkarrekin Podemos litzateke hirugarren indarra, 3 puntu jaitsiko litzatekeen arren. PSE-EE mantendu egingo litzateke, eta PPk 2,5 puntu egingo lituzke behera. Ciudadanosek ez luke ordezkaritzarik lortuko.

Boto asmoa Bizkaian. 2018ko abenduko EiTB Focus

Gipuzkoan ere EAJ gailenduko litzateke, 6,8 puntuko igoerarekin. EH Bildu bigarren indar bezala mantenduko litzateke, boto asmoa 2 puntu igota. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk hurrenkera bera mantenduko lukete, hirurek galera izango luketen arren. Ciudadanosek ez luke ordezkaritzarik lortuko.

Boto asmoa Gipuzkoan. 2018ko abenduko EiTB Focus

Hirugarren atala 2018ko abenduaren 16 hartan ere kaleratu zuten. EAEko hiriburuetako udal hauteskundeetan zuten boto asmoaz galdetu zieten herritarrei. EiTB Focusen arabera, Eusko Alderdi Jeltzaleak irabaziko luke Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 2015eko emaitzak hobetuta, gainera.

Bilbon, gehiengo osotik zinegotzi bakarrera geratuko litzateke EAJ. EH Bilduk ere zinegotzi bat gehiago eskuratuko luke. Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk gaur egun dituzten 4 ordezkariak mantenduko lituzkete. PPk 2 galduko lituzke, 2 ordezkari lortuta.

Zinegotzien estimazioa Bilbon. 2018ko abenduko EiTB Focus.

Donostian ere EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 2 zinegotzi gehiago lortuta (11). EH Bilduk eta PSE-EEk ordezkari kopuru berdina lortuko lukete: sei. PPk zinegotzi bat galduko luke, 2 eskuratuko bailituzke. Irabazi taldeak, berriz, egun dituen 2ak mantenduko lituzke.

Zinegotzi estimazioa Donostian. 2018ko abenduko EiTB Focus

EAJ indar bozkatuena izango litzateke Gasteizko udal hauteskundeetan, 7 zinegotzirekin, aurreko hauteskundeetan baino 2 gehiago. EH Bilduk aurrekoan lortutako emaitzari eutsiko lioke, eta bigarren indar bozkatuena litzateke. Alderdi Popularrak 4 zinegotzi galduko lituzke, eta Arabako hiriburuko hirugarren indarra izatera pasatuko litzateke. Elkarrekin Podemosek bere laugarren zinegotzia lortuko luke, eta PSE-EEk bat galduko luke. Ciudadanos Gasteizko Udalean sartuko litzateke, 2 ordezkarirekin.

Zinegotzi estimazioa Gasteizen. 2018ko abenduko EiTB Focus

Azkenik, laugarren atal bat eduki zuen 11. EiTB Focus horrek. Gaurkotasun politikoaren inguruko hainbat gairen inguruan galdetu zieten herritarrei, eta 2018ko abenduaren 17an ezagutarazi zituzten datuak. Besteak beste, Francoren gorpuzkiekin zer egin itaundu zioten euskal gizarteari.

Inkestaren arabera, biztanleriaren erdiak uste du ez liratekeela Erorien Haranean egon behar. Zehatz esanda, % 30en iritziz, hilerri edo panteoi pribatu batean egon beharko lukete; % 24k ehortzi gabe uztearen alde egin dute.

Non hilobiratu beharko lituzkete Francoren gorpuzkiak. 2018ko abenduko Focus

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua EiTB Focus Iruñeko Udala Udal eta foru hauteskundeak 2023 Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak?