Politika -
Topaketa biktimekin
Foro Soziala 'estamentu ofizialen' biktimekin bilduko da larunbatean
'Urte luzetan baztertuta sentitu diren biktima horiek' aitortzeko legea eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorra "estamentu ofizialen indarkeriaren" biktimen ordezkariekin bilduko da larunbatean, Donostiako Aranzazu hotelean, erakundeak ohar batean iragarri duenez.
Foro Sozialaren esanetan, azken hilabeteetan indarkeria mota ezberdinak jasan dituzten biktimekin "elkarrizketarako eremuak" zabaldu dituzte.
'Estamentu ofizialen' biktimei dagokienez, Foro Sozialak gogorarazi du "Gasteizko zein Iruñeko ganberetan biktima horiek aitortzeko lege bana eztabaidatzen ari dira, garrantzitsua da gertutik ezagutzea biktimon errealitatea, eta aitortza faltak eta diskriminazioak dakartzan erronkei buruz gogoeta egitea".
Legeok "orain arte gizartearen zati handi batentzat ezezagunak ziren errealitateak ezagutzeko eta ezagutarazteko balio behar dute, berriro gertatuko ez direla bermatzeko eta urte luzetan baztertuta sentitu diren pertsona horien mina apaltzeko", adierazi dute.
Dena dela, Foro Sozialak "jakin badaki" legeok onartzeko pausoak "garrantzitsuak bezain konplikatuak" direla.
Erakunde horren arabera, biktimok aitortuta "gatazkaren sektore ukatzaileek egindako kontakizuna apurtzen da, eta egiazkoagoa den errealitate poliedriko bat azalarazten du. Izan ere, indarkeria plurala, zaila eta agente ezberdinek egindakoak izan da".
Foro Sozialak uste du biktima guztiak berdin tratu behar direla, eta diskriminazioa ez dela onargarri.
Biktimokin bildu eta gero, euren ondorio eta eskakizunak bilduko dituela argitu du Foro Sozialak, gerora erakundeei, alderdiei eta agente sozialei bidaltzeko.