Politika -

EAEKO AURREKONTUAK 2019

Elkarrekin Podemosek funtzionarioen soldata igoera eta DSBEarena ahalbidetuko ditu

Koalizioa abstenitu egingo da ostegunean Legebiltzarrean egingo den bozketan. Ondorioz, Jaurlaritzak babesa lortu du Aurrekontuak onartu gabe geratu ostean aurkeztutako hiru legeetatik bi onartzeko.

Lander Martinez (Elkarrekin Podemos) Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian
Jaurlaritzak ziurtatuta ditu langile publikoen soldata igoera eta baita DSBEarena ere

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko aurrekontu proiektua erretiratu ostean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako hiru legeetatik bi aurrera atera ahal izango ditu Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker. Datorren ostegunean egingo den bozketan, koalizio moreak funtzionarioen soldaten eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) igoerak ahalbidetuko ditu. Aitzitik, itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldaten igoeraren kontra bozkatuko du.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak iragarri du albistea gaurko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Aurrekontu ezak izango lituzkeen ondorioez galdetu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Bere bigarren hitz hartzean aurreratu du Lander Martinezek Elkarrekin Podemosek hiru legeetako biri emango dien abstentzioa. Aipaturiko lege horietan 2019ko EAEko aurrekontu proiektuan ageri ziren neurrietako batzuk jasotzen dira. Izan ere, Urkulluren Gobernuak aurrekontu proiektua erretiratzea erabaki zuen, kontuak onartzeko adina babes izango ez zuela ikusita.

Kontuak kontu, funtzionarioek % 2,25eko soldata igoera izango dute, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzen dutenek ere diru gehiago poltsikoratuko dute aurrerantzean, % 3,5 gehiago. DSBE jasotzen duten pentsiodunen kasuan, igoera handiagoa izango da: % 4,5. Hala eta guztiz ere, Elkarrekin Podemosek baztertu egingo du itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldata % 2,25 igotzea aurreikusten duen legea. Ikusteke dago kasu horretan EH Bilduk eta PPk zer jarrera hartuko duten. Bi talde horietakoren batek abstentzioa nahikoa litzateke aurrera ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak Funtzionarioak bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi Lander Martinez Hierro DSBE 2024 Aurrekontuen azken ordukoa Soldatak