Politika -
EAE-ko Aurrekontuak 2019
Oposizioak aurrekontuen tramitazio berria babestuko ote duen ez du argitu
Eusko Jaurlaritzak “partzialki” bakarrik atzera egin duela uste du EH Bilduk. Exekutiboak “berriro porrot egin” duela esan du Elkarrekin Podemosek.
Agentziak | Erredakzioa
Premiazko aurrekontu neurriak aurrera ateratzeko hiru lege-proiektu aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean. Irakurketa bakarreko prozedura mantentzea kritikatu dute oposizioko taldeek, eta botoaren norabidea ez dute zehaztu, baina jarrera “konstruktiboa eta arduratsua” izango duela adierazi du EH Bilduk.
Aurrekontu neurrien lege-proiektua atzera bota eta beste hiru aurkeztu ditu Jaurlaritzak astearte honetan, eta EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPko bozeramaileek erabakia mintzagai izan dute. Horrela, funtzionarioen soldata igoera, diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoera eta hezkuntza hitzarmenen eguneraketa aztertuko dituzte.
EAEko Exekutiboak, Gasteizko Ganberan gutxiengoan egonda, irakurketa bakarra berriro aukeratu izana deitoratu dute hiru talde politikoek, zuzenketarik aurkezteko aukerarik ez dagoelako, eta bozketa blokean izango delako. Negoziazioari uko egitea aurpegiratu diote Jaurlaritzari. Hala ere, otsailaren 14an babestu ala ez erabakitzeko, proiektuen edukia aztertu behar dela erantsi dute.
Eusko Jaurlaritzak “partzialki” bakarrik atzera egin duela uste du Maialen Iriartek (EH Bilduk). “Soilik A plan bat zegoela esan zuen Azpiazuk, baina B egitasmo bat badagoela, eta C eta D planak ere izan daitezkeela demostratu da”, defendatu du.
“Norabide aldaketa” bat izan dela onartu du Iriartek, baina oraindik ere “gabeziak” dituela ohartarazi du, irakurketa bakarra mantentzen delako. Horregatik, Legebiltzarreko Mahaian tramitatzearen aurkako botoa eman dute koalizioak eta Elkarrekin Podemosek.
Hala ere, koalizioak “arretaz irakurri” eta jarrera “konstruktiboa eta arduratsua” mantenduko duela adierazi du Iriartek, nahiz eta tramitazioa “hasieratik oso lardatsa izan”.
Lander Martinezen (Elkarrekin Podemos) ahotan, Eusko Jaularitzak “berriro porrot egin du”; adosteko kapaz izan ez delako, “larderiaz” ari delako. “Hanka-sartzeez ikasten hasteko” garaia dela esan dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Martinezen hitzetan, Jaurlaritza “tranpak egiten ari da berriro” irakurketa bakarrari helduta, hiru legeetan “gaiak nahasten jarraitzen dituelako”; gainera, horiek “berandu” iritsi direla uste du.
Botoa zein izango den ez du zehaztu koalizio moreko bozeramaileak, aztertzeko astirik izan ez duelako. “Pauso erdi bat eman dute trikimailuekin eta estrategiarekin jokatuz”, errepikatu du.
Era berean, Anton Damborenea PPko ordezkariak ez du alderdiaren jarrera zein izango den zehaztu, baina “arduragabe” jokatzea leporatu dio Exekutiboari, Alderdi Popularrarekin negoziatzeari “uko” egin diolako. Gainera, Jaularitzak diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoera EH Bildurekin adostu zuela gogorarazi du Damboreneak.
“Akordioa EH Bildurekin salbatu” nahi izatea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, funtzionarioak eta itunpeko hezkuntzaren irakasleak “bahitu” dituela kritikatu du PPko bozeramaileak.
“Zuzentzen hasteko eskatzen diogu Urkulluri, edo legealdi hau oso gaizki amaituko da”, ohartarazi duenez.
Josune Gorosperen (EAJ) esanetan, ordea, Exekutiboak erantzukizunez jokatu du oposizioaren “blokeo” saiakeraren aurrean. Horregatik, neurriak lehenbailehen indarrean sartzeko oposizioari ardura berdina izateko eskatu dio Gorospek.
Zentzu horretan, “aitzakietan nahasteari uzteko” eskatu dio Jose Antonio Pastor sozialistak oposizioari, Ganberako zerbitzu juridikoek irakurketa bakarreko prozedura egokia dela bermatu ondoren.