Politika -

Nafarroako Parlamentua

Laukoak beste proposamen bat egin du Estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko

Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen betetzeko, testu berriak gabeziak dituela aitortu dute, besteak beste, egia jakiteko eskubidea bermatzen ez duelako.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Ezkerra) lege proposamen berri bat erregistratu dute gaur Parlamentuan, eskuin muturreko taldeek eta Estatuaren funtzionarioek motibazio politikoko indarkeriazko ekintzetan eragindako biktimak aitortzeko.

Aurrez zegoen legea 2015ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, baina Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen 2018ko uztailean, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea onartu eta gero.

Laukoak gogoratu du hasierako legeak eskuin muturreko taldeek eta poliziek erabilitako indarkeriak eragindako biktimak aintzat hartzeaz gain, egia jakiteko eskubidea bermatzea eta arduradunak zigorrik gabe ez hustea zuela helburu.

Alabaina, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik, testu berria hankamotz geratu dela onartu dute, "ebazpen horrek zer gertatu zen ikertzea eta erantzuleek egindakoa bere gain hartzea galarazten duelako".

Epai horren atzean "arrazoi politikoak" ezkutatzen direla salatu dute. Halaber, "horren ondorio da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak tortura kasuak ikertzeko Foru Gobernuak emandako diru-laguntzak baliogabetu izana".

Gauzak horrela, laukoak uzte du "inoiz baino beharrezkoagoa" dela "urratsak ematea" eta "oztopoak gainditzea", eskuin muturrak eta Estatuko funtzionarioek egindako gehiegikeriak argitara ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Memoria Historikoa Polizia indarkeriari buruzko albisteak