Politika -
EAEko aurrekontuak
Ortuzar: 'EH Bilduk pentsiodunei ala PPri laguntzearen artean hautatu behar du'
EBBko presidenteak kritikatu duenez, PPk "EAJ jipoitu nahi du", baina egiten ari dena euskal herritarrei "zaplaztekoa" ematea da.
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Ortuzarrek, EAJren EBBko presidenteak, dei egin dio EH Bilduri Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuetako eskaintza babesteko, eta pentsiodunei ala PPri laguntzearen artean hautatzeko.
Añanako eskualdeko alderdikide egunean parte hartu du Ortuzarrek, Iruña Okan, Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso eta udal horretako alkategai Jesus Maria Guinearekin batera.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak EH Bilduri egindako eskaintzari buruz hitz egin du agintari jeltzaleak, koalizioak aurrekontuak errazteko negoziazioan.
Azpiazuk 2019an 48 milioi euro eta 2020an 32 milioi euro nora bideratzea negoziatzea proposatu zion, eta pentsio baxuenak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta hurrengo bi urteetan % 3,5 gora eginez igotzea eskaini zion EH Bilduri.
"Horren argia da. Bilduk aukeratu egin behar du: pentsiodun behartsuenei, arazoak dituzten familiei eta lanik gabekoei laguntzea ala PPri laguntzea", esan du Ortuzarrek.
Jeltzaleak nabarmendu duenez, "Bilduk erabaki egin behar du PPren aliatu taktikoa izan nahi duen". Popularrek ez dute aurrekontuak babestuko. 2017 eta 2018an abstentzioaren bidez aurrekontuak onartzea ahalbidetu zuten.
Euskal herritarrak "jipoitzen" ari da PP
Euskadiko aurrekontuak ez babestearekin, PPri EAJ zigortu nahi izatea egotzi dio, Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioaren alde egiteagatik. "Mendeku hutsa da", esan du, baina "EAJ jipoitu nahi badute ere", euskal herritarrei ari zaie “zaplaztekoa” ematen.
Gainera, "gutxieneko errespetu politikoaren muga guztiak igarotzea” leporatu die popularrei, Anton Damborenea legebiltzarkidearen adierazpenak aipatuta. Popularrak EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa autogobernuari buruz legeak ez betetzearekin alderatu zuen, "XX. mendearen erdialdean Hitlerrek egin zuen moduan".
"Onartezina da", esan du jeltzaleak. "Franco ukitzea nahi ez dutenek faxista deitzen digute guri, faxistek eta naziek jazarriak izan ginenoi. Otsoak ardiak salatzen", esan du.
Ortuzarrentzat, Euskadin PP "ez da etorkizuna, iragana baizik, iragandako iragana, iragan beltza".
Sozialistei erantzuna
Euskal sozialistei ere zuzendu zaie Ortuzar. Idoia Mendiak EAJk "bizikidetzaren eta pluraltasunaren oinarriak apurtzen dituzten apustuak egiteagatik" arduratuta dagoela esan zuen.
Ortuzarrek erantzun dionez, Mendia balitz arduratuta egongo litzateke "Espainiako Gobernuak Euskadirekin hitzartutakoa ez betetzeagatik eta Estatutuaren eskumenak ez transferitzeagatik".
Arabako aurrekontuak
Bestalde, Arabako EAJren presidente Susok, Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren aurrekontuak aipatuta, jeltzaleek oposizioari "eskua luzatuta" daukatela gogoratu du, eta EH Bilduri eta PPri negoziazioan "oztopoak jartzea" leporatu die, gizartearen interes komuna ahaztuta.