Politika -
Poliziaren indarkeria
Justiziak Nafarroako abusu polizialen legea baliogabetu izana deitoratu dute biktimek
Nafarroako Parlamentuaren "subiranotasunaren kontrako atentatua" dela esan dute Poliziaren indarkeriaren biktimen familiarrek.
Agentziak | Erradakzioa
Poliziaren abusuen biktimen familiarrentzat Nafarroaren "subiranotasunaren kontrako atentatua" izan da Konstituzio Auzitegiak eskuin muturreko taldeek zein langile publikoek eragindako indarkeria politikoaren biktimen Nafarroako foru legearen zati bat baliogabetu izana. Nafarroako Parlamentuak 2015ean onartu zuen lege hori.
Fermin Rodriguezek eta Idoia Zabalzak irakurri dute Iruñean egindako prentsaurrekoan, "eskubide guztiak biktima guztientzat" eskatuz, "lehenbiziko eta bigarren mailako biktimen arteko sailkapenik egin gabe". Rodriguez 1978ko sanferminetan Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguezen anaia da, eta Zabalza, 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ostean hilik topatu zuten Mikel Zabalzaren arreba.
Konstituzio Auzitegiaren argumentuen artean dago legeak "nolabait epaitegien lana ordezkatu" nahi zuela, "langile publikoek eta eskuin muturreko taldeek egindako delituak epaileak alde batera utzita", Onarpen eta Erreparazio Batzorde baten bidez.
"Sekula ez zen halako lege baten premiarik izanen baldin eta epaileek beren lana egin izan balute, hots, delitu-ekintzen errudunak bilatu, eta frogatutako delituari dagokion zigor bidezkoa ezarri", azpimarratu du Rodriguezek. "Hala ere, beste jokabide bat izan ohi dute: artxibatu egiten dituzte segurtasun-indarretako kideak inplikatuak dauden kasuak, edo, kasurik hoberenean, zigor irri-emangarri eta iraingarriak jartzen dizkiete, eta, azkenean, maiz, indultua eman", deitoratu du.
Biktimen senidekoentzat, Konstituzio Auzitegiaren epaia ez da ustekabea izan —adibidetzat Altsasu auziko epaia eta La Manadarena jarri dituzte—, eta Estatuko Fiskaltza desberdinei aurpegiratu dietenez, "ofizioz jarduten dute zenbait adierazpenen kontra baldin eta monarkia edo gobernua aipatzen badira edo terrorismoaren ustezko gorespenik egiten bada, eta 'ahantzi' egiten zaie talde eta elkarte faxisten eta eskuin muturrekoen kontra zerbait egitea".
Nafarroako Gobernuarekin "duela urte gutxi pentsaezina" zen "komunikazio-bide egonkorra", baina Espainiako Gobernuan beti aurkitu dutena, salatzen dutenez, PPk eta PSOEk eraikitako "inpunitate-murrua", izan da. "Ez du axola nolako botoa eman duten Nafarroako Parlamentuan, alderdien zuzendaritzek eta Madrilen dituzten aliatuek beti kontrako erantzuna ematen baitute, beti traba", esan dute.
Familiarrentzat, Konstituzio Auzitegiak baliogabetutako legea "ez zen akatsik gabekoa, bazuen zer hobetua, baina gure legea zen, Foru Parlamentuko gure ordezkariek onetsi zutena", eta gainera, bidea irekitzen zuen "errekonozimendua eta erreparazioa izateko ez ezik, justizia arruntak ahanzturan utzitako kasuak ikertzeko batzordeak egin zitezen".
Casadok "ez du herri honetako historia ezagutzen"
Pablo Casadok, PPko presidenteak, Espainian ez dela abusu polizialik egon esan zuen. Fermin Rodriguezek erantzun dionez, "historiak argi uzten du Casado jauna gezurretan ari zela ala herrialde honetako historia ez duela ezagutzen".
"Konstituzio Auzitegiak ere onartu egiten du hemen Poliziaren indarkeria kasuak egon direla", gehitu du.