Politika -
Eusko Legebiltzarra
Estatutua eguneratzeko oinarriak ostiralean adostu nahi ditu Autogobernu Lantaldeak
EAJk eta Podemosek egindako bi atal itxi behar zituzten astearte honetan, baina gainerako taldeen ekarpenak garaiz heldu ez direnez, ostiraleko saioan aztertuko dituzte.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Estatutu politikoa berria adosteko lanean dagoen Autogobernu Lantaldea azken txanpan sartu da. Aurreikuspenen arabera, ostiralean jarriko dituzte autogobernua eguneratzeko oinarriak.
Gaur bilera egin dute Legebiltzarrean, baina taldeek ezin izan dituzte gaurko aurreikusita zeuden txostenak eztabaidatu. Elkarrekin Podemosek eta EAJk estatutuaren bi atal aztertu behar zituzten, Eskubide eta Betebeharrena eta Nazioarteko Harremanak eta Europari dagokiona, hurrenez hurren. Txostena osatzeko beharrezkoak diren gainerako taldeen ekarpenak ez dira garaiz iritsi, eta hala, datorren saiorako utzi dute eztabaida.
Batzarra uztailaren 6an egingo dute. Lanok behin betiko amaitzeko saioa izatea espero dute alderdiek, aipatutako txostenez gain, estatutuaren oinarriak, xedapen gehigarriak eta, hala nahi balute, boto partikularrak aurkeztu beharko dituzte Lantaldeko kideek.
Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk iragarria dute boto partikularra, eta ikuskizun dago zer egiten duen PPk.
Azken asteotan, hainbat atalen inguruko akordioa lortu dute EAJk eta EH Bilduk, hala nola, Hitzaurrea, Atariko Titulua, Eskumenak eta Botere banaketa eta Ogasuna.