Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Autogobernu lantaldeko kideek ekarpenak egin ahalko dizkiote laburpen testuari

Jone Berriozabal Autogobernu Lantaldeko presidenteak laburpena biltzen duen dokumentua aurkeztu du Legebiltzarrean, eta alderdiek apirilaren 13ra arteko epea izango dute orain ekarpenak egiteko.

Autogobernu lantaldearen bilera. Irudia: ETB
Autogobernu lantaldearen bilera. Irudia: ETB
Alderdiek egindako proposamenak biltzen dituen txostena, aztergai

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikusita zegoen moduan, alderdi politikoek Gernikako Estatutua eguneratzeko egindako proposamenen laburpen dokumentua aurkeztu du gaur Jone Berriozabal Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko presidenteak. Alderdiek apirilaren 13ra arteko epea izango dute orain testu horri ekarpenak egiteko.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek Estatutuaren erreformari buruz egindako proposamenak dokumentu batean bildu ditu Autogobernu Lantaldeko presidenteak, estatus politiko berri baterako pausoak emate aldera akordioa lortzeko. Gaurko bileran, dokumentua aurkeztu eta azaldu diete alderdi politikoei.

Dena den, gaur aurkeztutako dokumentua ez da testu artikulatua —legelari talde batek izango du hori egiteko ardura—, alderdiek otsailaren 7ko bileran aurkeztutakoaren laburpena baizik. Alderdiek dokumentua aurkezteko denbora izango dute orain, eta gustuko ez badute, ekarpenak aurkezteko aukera izango dute, apirilaren 13a bitartean. Autogobernu Lantaldearen hurrengo bilera apirilaren 18an izango da.

Herritarrek autogobernuaren inguruko ekarpenak egin ahal izateko ADI sistemari dagokionez, behin betiko testuaren oinarriak onartu arte martxan ez jartzea erabaki dute.

Espainiako Estatuaren "erasoen" aurrean "euste-horma bat" eraikitzeko deia egin du EH Bilduk

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Espainiako Estatuaren "erasoen" aurrean "euste-horma bat" eraikitzeko deia egin die gainerako alderdi politikoei, orain jomugan Katalunia badago ere, "gero" Euskal Herria izan daitekeela iritzita.

Iriarteren hitzetan, herritarren eskubideak "blindatu" behar dira "erabakitzeko eskubidearen" bitartez, eta Autogobernu Lantaldearen baitan adostu daitekeen estatus politiko berriak "burujabetza" izan behar duela oinarri gaineratu du.

EH Bilduk herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du, batetik, Eusko Ikaskuntzak maiatzean eta ekainean egingo dituen mahai-inguruetan, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrak martxan jarriko duen ADI plataformaren bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE berriak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi