Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Alderdi guztiek, PPk salbu, KPIaren araberako pentsio duinak eskatu dituzte

Gainera, Gizarte Segurantzaren kudeaketa 'lehenbailehen' eskualdatzea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Oraindik transferitu gabeko eskumenetako bat da.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, PPk salbu, pentsio duinak bermatzea eta horiek KPIaren arabera eguneratzea aldarrikatu dute gaur goizean egindako osoko bilkuran. Halaber, Gizarte Segurantzaren kudeaketa "lehenbailehen" eskualdatzea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari.

PPk ez beste Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute pentsioei buruzko testua. 65 legebiltzarkidek alde bozkatu dute (legebiltzarkide bat ez da saiora azaldu) eta PPko 9 legebiltzarkideek, ostera, kontra.

EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk zuzenketa aurkeztu diote aurrez EH Bilduk aurkeztutako mozioari, eta azkenean koalizio abertzaleak ere babestu du. Horrez gain, Elkarrekin Podemosen pentsio sistemari buruzko proposatutako legez besteko proposamena eztabaidatu dute alderdiek.

Zuzenketari babesa agertu dioten alderdiek Espainiako Gobernua kritikatu dute pentsioen sistemaren inguruan egiten ari den kudeaketarengatik.

Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak pentsio duinak bermatuko dituen diru-iturriak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Horrez gain, "gardentasun faltaren eta erregresioaren" adibide izatea leporatu dio.

EH Bilduko Leire Pinedo legebiltzarkidearen esanetan, Espainiako Gobernuak pentsioei aplikatutako % 0,25eko igoera "iraingarria" da eta pentsio sistemaren jasangarritasuna ez dago bermatuta.

Elkarrekin Podemosen izenean hitz egin duen Jon Hernandezen iritziz, Espainiako Gobernuak ia erreserba funtsa agortu du. Horren aurrean, "PPren atzaparretatik babestea" aldarrikatu du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak, ostera, Ongizate Estatua eraisteko eta lorturiko eskubideak ezerezean uzteko "egitasmoa" izatea leporatu dio PPri.

Anton Damborenean popularrak "demagogia merkea" egitea egotzi die guztiei, bereziki, sozialistei "agintean zegoenean pentsioak izoztu zituen alderdi bakarrari".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Erretirodunak azken ordukoa