Politika -

Eusko Legebiltzarra

Memoria Historiko Integralerako Legea bultzatuko du Legebiltzarrak

Ekimenak EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren babesa dauka. Joan den astean EH Bilduk egindako Memoria Historikorako lege proposamena baztertu zuen Gasteizko Ganberak.

Jone Goirizelaia (EH Bildu) eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariak. Argazkia: EFE
Jone Goirizelaia (EH Bildu) eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariak. Argazkia: EFE
Jone Goirizelaia (EH Bildu) eta Elkarrekin Podemoseko parlamentariak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Memoria Historiko Integralerako Legea tramitatzeko aukera ireki du. Egitasmoa EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Euskadiko Alderdi Sozialistak adostu dute. Alderdi Popularra, berriz, kontra agertu da.

Proposamena EAJk eta PSEk aurkeztu dute eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hainbat zuzenketa egin dizkiote testuari. Aldaketak eginda, lau taldeen babesa jaso du ekimenak.

Aipatzekoa da joan den astean EH Bilduk egindako Memoria Historikorako lege-proposamena baztertu zuela Legebiltzarrak. Koalizioa soberanistaren egitasmoak Elkarrekin Podemosen babesa soilik lortu zuen.

Gauzak horrela, memoria historikoaren esparruan beharrizanak eta gabeziak zeintzuk diren zehazteko eskatu dio Legebiltzarrak Gogora Institutuari. Zortzi hilabeteko epea izango du lan hori egiteko.

Txosten horren arabera egingo lukete Memoria Historiko Integralerako Euskal Legea eta prozesu horretan esparru horretan diharduten erakunde eta gizarte-eragileek hartuko lukete parte.

Horrez gain, Estatuan indarrean dagoen Memoria Historikoaren Legea behin eta berriro urratzen dela salatu eta erakundeek arau hori betetzen dela bermatu behar dutela azpimarratu dute.

Iñigo Iturrate EAJko parlamentariak zehaztu duenez, gaur abiarazitako prozesuak ez du zertan lege batean amaitu behar, "baina ekimen honekin argi utzi nahi dugu EAJk frankismoaren biktimen gaiari seriotasunez heltzen diola".

Positibotzat jo du akordio zabala lortu dutelako eta erantsi du "aurrerantzean etor daitekeena" ez dela "EAJren araberako lege bat izango".

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, ostera, EAJren jarrera kritikatu du, Memoria Historikorako Euskal Legea izateko "bere baldintzak" ezarri dituelako eta duela astebete koalizio soberanistak egindako proposamenaren kontra bozkatu zuelako.

"Testua sinatu dugu, lege horretara hurbiltzen gaituela ulertzen dugulako. Badirudi behingoz martxan jarri garela. Txostenaren ondotik legea etorriko da, ez zait legerik ez egoteko beste aukerarik bururatzen", azaldu du.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko parlamentariak esan du EAJk "maniobra taktikoa" egin duela, lege hori Eusko Jaurlaritzaren ekimenez atera dela esan ahal izateko.

Rafaela Romero PSEko ordezkaria pozik agertu da talde ezberdinen arteko akordioa posible izan delako. Halaber, Frankismoak eragindako biktimak aintzat hartzeko euskal legea ezinbestekotzat jo du.

Alderdi Popularra izan da ekimen honen aurka bozkatu duen talde bakarra. Carmelo Barrioren esanetan, "lege hori ez da beharrezkoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Araba PSE-EE Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi Frankismoa albisteak Memoria Historikoa