Politika -
Eusko Jaurlaritza
Poliziaren biktimen legeak ez du eskumenik urratzen, Jaurlaritzaren ustez
Espainiako Gobernuak lege horren kontra jarri zuen helegiteari alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, poliziaren biktimen legeak ez du Espainiako Gobernuaren eskumenik urratzen. Azaldu duenez, legeak erreparazioa du helburu, ez zigorra. Espainiako Gobernuak lege horren kontra jarri zuen helegiteari alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartutako Poliziaren biktimen legearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean pasa den maiatzaren 10ean. Euskal Autonomia Erkidegoan 1979tik 1999ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta biktima horiei ordaina emateko jaio zen legea, eta Espainiako Gobernuak legearen aurka jarritako helegitearen ondorioz, Auzitegi Konstituzionalak legearen hainbat artikulu baliorik gabe utzi zituen behin-behinean.
Legearen baliogabetzea bertan behera uzteko eskatu du orain Jaurlaritzak, eta legea nazioarteko zuzenbidearen baitan kokatzen dela defendatu du. Gaineratu duenez, poliziaren biktimen legea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da, biktimen aitortza eta erreparazioa esparru administratiboan kokatzen delako eta ez esparru penalean.
Jaurlaritzaren ustez, ez dago eskumen urraketarik. Azaldu duenez, legearen helburua "aitortza eta erreparazioa dira, ez zigorra". "Legeak zigor arloko jurisdikzioaren nagusitasuna errespetatzen du", gaineratu du.
Haren esanetan, legearen aurreikuspenak gizarte zerbitzuen alorrean kokatzen dira, eta Euskadiko erakundeen "betebeharra" da hiritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak zaintzea eta bermatzea.