Politika -
Altasuko auzia
Altsasuko gazteei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Donostian
Altsasukoak Aske plataformak beste elkarretaratze bat deitu du Bilbon, astelehenerako, senideei elkartasuna adierazi eta gazte auzipetuen kasua salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira larunbat arratsalde honetan Donostian, Altsasuko gazte auzipetuen kasua salatu eta haien egoeraren berri emateko asmoz. Halaber, Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusiaren azken egunean egindako elkarretaratze jendetsu horretan babesa adierazi diete auzipetuen senideei. Duela hamar hilabete atxilotu zituzten gazteak, bi guardia zibili eta horien bikotekideei eraso egitea egotzita. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe-zigorrak eskatu ditu horientzat, eraso terrorista leporatuta.
Gazteen gurasoek jakinarazi dutenez, mobilizazio berdintsuak egingo dituzte euskal hiriburu guztietako jaietan. Larunbat honetan, Portuko Flamenka gunean egin dute elkarretaratzea, Aste Nagusiari agur esan aurretik.
Edurne Goikoetxea auzipetutako gazte baten amak azaldu duenez, "justiziaren gehiegikeriaren berri" ematea da haien helburu nagusia, izan ere, "guzti hau Nafarroako Lurralde Auzitegian ikertu beharreko falta bat izan beharko litzatekeelako".
Ildo horretatik, "neurrigabetzat" hartu du terrorismo delitua leporatzea, eta epaiketan "justiziaren bermeak" egongo ote diren galdetu dio bere buruari.
"Dagoeneko hamar hilabete igaro dira eta bizi dugun egoera horrek beldurra sorrarazten digu, baina ez gara kikilduko gertukoen babesa dugulako", esan du Goikoetxeak. Bere esanetan, "denbora asko" daramatzate honekin, eta aurrera egiten jarraitzeko orain arte jaso dituzten "elkartasun eta babes mezu guztiak" eskertu ditu.
Altsasukoak Aske plataformak beste elkarretaratze bat deitu du Bilbon, astelehenerako, 18:00etan, udaletxearen aurrean.