Politika -
Gure Esku Dago
Erabakitzeko eskubideaz galdeketak egingo dira 35 udalerritan
122.291 herritar daude parte hartzera deituta erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak bultzatutako ekimenean, Oarsoaldean, Tolosaldean, Buruntzaldean eta Larrabetzun.
eitb.eus
Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataformak galdeketa deitu du datorren iganderako, martxoak 19, Gipuzkoako eta Bizkaiko 35 udalerritan.
GEDek hedabideei igorritako ohar baten bidez adierazi duenez, ekimena Oarsoaldean, Tolosaldean, Buruntzaldean (Gipuzkoa) eta Larrabetzun (Bizkaia) egingo da.
Ez dute galdera bera egingo herri guztietan, hala, Tolosaldean, galdera hurrengoa da: "Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?"
Oarsoaldean ere galdera ezberdinak egingo dituzte, herri batzuetan: Lezon, "Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?"; Oiartzunen, "Nahi al duzu euskal estatu bateko herritarra izan?"; Pasaian: "Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?" eta Errenteria-Oreretan "1) Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin? 2) Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?".
Hernanin eta Astigarragan "Nahi alduzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?" izango da galdera.
Azkenik, Larrabetzun "Gura duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?" galdetuko diete herritarrei.
Guztira, GEDek dioenez, 16 urtetik gorako eta bozkatzeko moduan izango diren 122.291 herritar zenbatu dituzte. Bozketa egiteko 79 hautesleku irekiko dituzte, 109 mahairekin, 09:00etatik 20:00etara.
Antolatzaileen esanetan, "galdeketa honetan ez dugunez estatuko nahiz herriko erroldarik erabiliko, sistema informatiko bat erabiliko da pertsona batek bi aldiz bozkatzen ez duela bermatzeko".
Sistema informatiko horrek identifikatzailea den agiriaren zenbakia baino ez du erregistratuko. Behin erregistratzen duenean, ordenagailuak ez du zenbaki hori berriz sartzen uzten, eta sarean konektatuta dauden gainerako ordenagailuek ezta ere.
Gainera, nazioarteko zein Euskal Herriko begiraleak egongo dira egun osoan zehar prozesua aztertzen.
Emaitzak Gure Esku Dagok zentralizatuko ditu. Webgune ofizialean argitaratuko eta eguneratuko dira parte hartze datuak egunean zehar; 13:00etan, 17:00etan eta 20:00etan.
Behin betiko emaitzak, aldiz, prentsa ohar bidez jakinaraziko dituzte 22:00ak aldera, aurreikusi dutenez.