Politika -
Santa Katalinako osoko bilkura
Eredu energetikoaren gainean adostasunik ez Arabako Batzar Nagusietan
Araban gasa ateratzeko planak geldiarazteko EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik egindako proposamenari uko egin diote Batzar Nagusiek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Batzar Nagusiek ez dute lortu etorkizuneko eredu energetikoaren gaineko testua adostea. Hori dela eta, lurraldean gasa ateratzeko planak bertan behera uzteko EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik egindako proposamenari uko ere egin diote Batzar Nagusiek.
Foru erakunde hori ezagutzera emateko ate irekien eguna egin dute larunbat honetan. Gaur, berriz, Santa Katalina izena zuen azaroko osoko bilerari ekin diote Batzar Nagusiek.
Eguneko gai-zerrendan EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik aurkeztutako mozioa izan da. SHESA hidrokarburo-sozietatearen bitartez, Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizen gasa ateratzeko aukera aztertzeko baimena eskatu zuen, Armentia-2 putzuan, hain zuzen ere, 'fracking'-a ez den beste teknika batzuk erabilita. Eusko Jaurlaritzak baimen horri uko egitea nahi zuten aipatutako hiru alderdiek mozio horren bidez.
Hala eta guztiz ere, EAJk, PPk eta PSEk mozio horren aurka bozkatu dute, eta ordezkapen-zuzenketak ere ez dira aurrera atera.
Elkarretaratzea
Osoko bilkuran zehar, Foru Jauregiaren aurrean elkartu dira 'Beriztu!' herri-mugimenduko kideak. Araban gasa ateratzeko planak geldiaraztea helburu duen plataforma da, eta aste honetan komunikabideen aurrean aurkeztu dute. 20 bat elkartek osatzen dute, tartean, EH Bilduk, Ahal Duguk, Equok, eta ELA, LAB, UAGA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek.