Politika -

Inbestidura Saioa

Elkarrekin Podemos erabakitzeko eskubidearen alde dagoela dio Zabalak

Elkarrekin Podemos alderdiko legebiltzarkideak araudia errespetatu behar dela esan du, eta Estatuarekin aldebiko harremana lortzearen alde agertu da.

Pili Zabala. Argazkia: ETB
Pili Zabala. Argazkia: ETB
Pili Zabala. Argazkia: ETB

3:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pili Zabala Elkarrekin Podemos alderdiko legebiltzarkideak erabakitzeko eskubidearen alde daudela nabarmendu du. Era berean, araudian ezarritako legeak errespetatu behar direla esan du, eta Estatuarekin aldebiko harremana lortzearen alde agertu da.

Elkarrekin Podemos erabakitzeko eskubidearen alde dagoela azpimarratu du Zabalak, baina ez nazio izaerari dagokionean bakarrik, gainerako gaietan ere (zerbitzu publikoak, giza eskubideak edota zerga-sistema) euskal herritarrek zeresana dutela nabarmendu du legebiltzarkideak.

Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak ideia horren muinarekin bat egiten duela gaineratu du.

“Euskadiko estatus politikoari dagokionean, alderdi politikoek, eragile sozialek eta herritarrek elkarlanean gaurkotu behar duten gaia” dela adierazi du Pili Zabalak. Arrazoi horregatik, guztien artean eztabaidatu beharreko gaia dela azpimarratu du.

Beste alde batetik, EAJk eta PSE-EEk sinatutako koalizio akordioa ez dela nahikoa adierazi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Halaber, hitzarmenak helburu bakarra duela azpimarratu du: postu batzuen truke, PSE bizirik mantentzea.

Hitzarmen horri esker EAJren helburu nagusia betetzen dela gaineratu du Zabalak: Gehiengo aurrerakoia izango lukeen Gobernua ez da posible izango.

Dena den, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren gehiengoari esker legegintzaldi honetan politika aurrerakoiak garatu ahal izatea espero duela esan du. Era berean, besoa luzatu die PSE-EE alderdiko legebiltzarkideei.

Gainera, zerga-sistema aldatzeko eta ardura hori Eusko Legebiltzarren esku uzteko akordio berria sinatu dezaten eskatu dio Zabalak Idoia Mendia sozialisten idazkari nagusiari.

Bake eta Bizikidetzari dagokionez, elkarrekin akordio bat adosteko eskaera egin die legebiltzarkideei, eta Elkarrekin Podemosek EAJrekin horri buruzko ikuspegi zabalagoa duela gaineratu du.

Pili Zabalak EAJ eta PSE-EEren arteko hitzarmena kritikatu du, eta akordioaren gabeziak azpimarratu ditu. Ildo horretatik, akordioak langabezia, pobrezia, etorkinak, LGTB kolektiboa, irakasleak, Osakidetzako langileak edota biktimak alde batera uzten dituela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra EAE Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Pili Zabala