Politika -

Datuak

EAEko herritarren % 76k badakite hauteskundeak I25ean direla

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen gaineko boto-asmoaren datuak 14:00etatik aurrera ezagutaraziko dira eitb.eus-en, ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian.

EiTB Focus.
EiTB Focus.
EiTB Focus.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 76k badakite Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irailaren 25ean egingo direla. Hori da 'EiTB Focus' inkestaren laugarren edizioak utzitako ondorioetako bat. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako boto-asmoari buruzko datuak 14:00etatik aurrera emango dira ezagutzera eitb.eus-en, ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian.

Iñigo Urkullu lehendakariak uztail amaieran hauteskundeak deitu zituenetik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira egindako lehendabiziko inkesta da. Gainera, inkesta horrek balio erantsi bat du; izan ere, elkarrizketak atzo eta herenegun egin zituzten.

Giro politikoa eta euskal politikarien balorazioa, boto-asmoa eta alderdien arteko balizko itunak; horiek izan dira galdeketa honetako gai nagusiak.

Fitxa teknikoa

'EiTB Focus' Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoa da. 1.200 pertsonari (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan) telefonoz galdetuta egin dute, eta % 95eko konfiantza-maila du.

Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, generoa eta adina kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 25,2 euskaraz egin dituzte, eta gainerakoak (% 74,8), aldiz, gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.

Inkestak irailaren 5ean eta 6an egin zituzten, telefonoz. Elkarrizketek, batez beste, 6 minutu eta 40 segundo iraun zuten. Luzeenak 15 minutu iraun zuen, eta laburrenak, berriz, 5 minutu.

'EiTB Focus'en helburua

'EiTB Focus'en helburua herritarren iritzia jakitea da. Hartara, inkestok egiteaz gainera, programazio berezia izango da ETBn, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Euskadi Irratian, eta atari berezia eitb.eus-en.

'EiTB Focus'eko datuak 14:00etan emango dira ezagutzera ETBn, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, eta Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria irrati-kateetan eta eitb.eus webgunean. Egunean zehar, hainbat saiotan jorratuko dira datuok, eta ETBk programazio berezia eskainiko du 'EiTB Focus' ezagutzera emateko, ETB2n, ostegunean, 'EiTB Focus. Euskadi decide' saioaren bitartez.

Webguneko erabiltzaileek 'EiTB Focus'en galdeketa eta ikerketa guztien inguruko datuak izango dituzte nahieran erabiltzeko, orrialde berezi batean. Halaber, EiTBko saioetan egiten diren azterketa guztien analisiak ikusteko aukera ere izango dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea EiTB Focus