Politika -

Gure esku dago

Herritarren % 30ek bozkatu dute galdeketetan, eta % 95 alde agertu da

Euskal estatu bateko herritar izan nahi ote duten galdetu dute Debagoiena eta Goierri eskualdeetako hainbat herritan, Azpeitian, Aramaion eta Ispasterren.

Azpeitian botoa emateko paratutako mahaietako bat. EFE
Azpeitian botoa emateko paratutako mahaietako bat. EFE
Erabakiaren aroa hasi dela dio Gure Esku Dagok

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, euskal estatuari buruzko galdera egin dute igande honetan Euskal Herriko hainbat udalerritan: Debagoiena eta Goierri Gipuzkoako eskualdeetako 31 herritan, Azpeitian (Gipuzkoa), Aramaion (Araba) eta Ispasterren (Bizkaia). Oro har, 16 urte gorako biztanleen % 29,36k (36.884 herritar) bozkatu dute, eta gehienak, % 95,3, alde agertu dira.

Galdetutakoari dagokionez, Goierrin eta Ispasterren galdera honi erantzun behar izan diote botoa ematera joan direnek: Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? Debagoienan, Aramaion eta Azpeitian, berriz, hauxe izan da galdera: Nahi duzu euskal estatu independente bateko herritarra izan?

Jasotako bozen arabera, boto-emaileen % 95,3k baiezkoarekin erantzun diote galdetutakoari; gainerako % 3,76, berriz, kontra agertu dira.

Herriz herriko parte hartze datuei erreparatuta, Goierriko Zerain, Gaintza eta Mutiloa herrietan izan da handiena: % 70 pasatxokoa. Zumarragan piztu du interes gutxien galdeketak: % 13,43 joan dira bozkatzera. Gainerakoetan, % 20 eta % 40 artekoa izan da parte hartzea. Horren adibide batzuk ematearren, Azpeitian herritarren % 39,38k bozkatu dute; eta % 29,46k, Bergaran. Araban eta Bizkaian egindako galdeketek parte hartze handiagoa izan dute: % 51,24 eta % 63,79koa izan da Aramaion eta Isparsterren, hurrenez hurren.

2017an, galdeketan 100 herritan

Gure Esku Dago ekimeneko kideek "oso positibotzat" jo dute igandeko esperientzia. Zelai Nicolas Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak Euskadi Irratiari gaur egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, "125.000 herritarrek aukera izan zuten atzo gaiaren inguruan iritzia emateko", eta orain arte "giltzapetuta" egon den afera izan denez, garrantzi handia eman dio hitzorduari.

Zelai Nicolasen hitzetan, euren helburua da "herri honetan eztabaida hau modu naturalean, normaltasun osoz, egin ahal izatea eta jakitea erabakitzeko eskubideak zer nolako aukerak zabaltzen dizkigun herri bezala". Haren ustez, muga bakarra "gure artean lortu ahal dugun adostasun maila da".

Gure Esku Dago ekimeneko eledunak azpimarratu duenez, "herri honek badu amets egiteko gaitasuna", baina horretarako baliabideak ipini behar dira. Hain justu, 2017rako beste 100 bat herritan galdeketa egiteko moduan izango direla iragarri du.

Alderdi politikoak ere, eztabaidan

 

Galdeketen antolatzaileen iritziak ez ezik, alderdi eta buruzagi politikoen erreakzioa ere izan da kontsulten inguruan. Hauteslekuak itxi eta gutxira, Twitterren bere balorazioa egin zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakari izandakoak. Ondoren, Arnaldo Otegi Sortuko presidenteak eman zion erantzuna.

Biharamunean, alderdi guztietako bozeramaileak mintzatu dira. EAJk "errespetua" agertu dio galdeketari; EH Bilduren esanetan, "oso garrantzitsua" da herritarrek euren iritzia emateko aukera izatea. Sozialistek nabarmen dutenez, berriz, mota honetako galdeketek "banaketa eta liskarra" baino ez dakarte. PPren aburuz, "akelarre nazionalistatzat" jo ditu kontsultak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Azpeitia albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gure Esku Zumarraga bideoak Beasain bideoak Albisteak Debagoiena Lea-Artibai gaur