Politika -
Kargu publikorako zigorra
Biktimen memoria defendatuz esan dio Arraizek agur Legebiltzarrari
Azaldu duenez, ETAk jarduten zuen garaiko "agertoki politikoak izan zuen okerrena aurkariari gizatasuna kentzea izan zen".
Agentziak | Erredakzio
Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak agur esan dio gaur Eusko Legebiltzarrari EAEko Auzitegi Nagusiak kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri ostean. Bere agur-mintzaldian "memoria, aitortza eta erreparazioa" egotea defendatu du Euskadin izan diren "biolentzia desberdinen" biktimentzat. Aldi berean, hemendik aurrera EAJ eta EH Bilduren artean "harreman politiko berria" egotea posible dela uste du, "herrialde mailako adostasun garrantzitsuak" lortzeko.
Arraiz Eusko Legebiltzarrean ostiral honetan egiten ari diren kontrol-saiora bere familiarekin batera bertaratu da, eta Ganberako presidenteari baimena eskatu dio eguneko zerrendako gai batean egin behar zuen esku-hartzea Legebiltzarrari agur esateko aprobetxatzeko.
Bere mintzaldian zehar baieztatu duenez, "bakea eta bizikidetza demokratikoa guztiontzat izan behar dira, eta hori horrela izan dadin euskal presoak hemen egon beharko lukete. Bakea egiazkoa izan dadin, guztiok gaudenean itxi ahal izango dugu kapitulua. Pentsatu nahi nuke zenbaitzuek epaitegietan eman ditugun urratsek balio izango dutela noizbait, berandu baino lehen, espetxeetako ateak ireki daitezen".
Arraizek berriz errepikatu du bakea eta bizikidetza "bakea eta bizikidetza guztiontzat" izan behar direla, eta deitoratu egin du hori "errealitate bat ezin izatea, pertsona gehiegi falta direlako jasan dituzten biolentzia desberdinen eraginez".
Zentzu horretan, adierazi du "pertsona orori" zor zaiola "memoria, aitortza eta erreparazioa", eta azaldu duenez, ETAk jarduten zuen garaiko "agertoki politikoak izan zuen okerrena aurkariari gizatasuna kentzea izan zen".
"Agertoki politiko hark izan zuen okerrena izan zen aurkariari gizatasuna kendu geniola eta bere giza-eskubideak nahitaezkoak izateari utzi ziotela, eta modu horretan gure buruei ere gizatasuna kentzen diogu. Horixe da, hain zuzen ere, berriro gertatu behar ez dena, eta guztien giza-eskubideekiko errespetutik guztiontzako herrialde bat eraiki nahi dugu", azpimarratu du.
Harreman berriak
Era berean, eskertu egin du hainbat parlamentuko kidek azaldu dioten elkartasuna, eta horrek Legebiltzarrean "harreman politiko berriak sortzeko" balioko duen esperantza agertu du.
"Uste dut badela garaia EAJ eta EH Bilduren artean harreman politiko berria eratzeko", adierazi du Arraizek. Nahiz eta bi alderdiak "kontrajarriak" direla esan, "herrialde mailako itun garrantzitsuak egitera" deituta daudela irizten dio, eta "horrela ez egitea arduragabekeria hutsa litzateke", gaineratu du.
Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendutako interpalazio batean zehar egin ditu gogoeta horiek. Lehendakariak atsekabea adierazi du Arraizen egoeraren aurrean, eta kondena onartzearen “garrantzia” aitortu du. Esan duenez, “positiboa da eragindako min bidegabea aitortzeko, eta ezinbestekoa bizikidetzan aurrerapausoak emateko”.
Lehendakariaren hitzetan, ETAk eragindako mina aitortzearekin "zoru etikoa" onartzea "abiapuntu egokia2 da "immobilismotik" ateratzeko, eta horren inguruan adostasunak lortzeko inoiz ez dela berandu gaineratu du.
Bere mintzaldia bukatu ostean, Ganberako Mahaia osatzen duten kideengana, lehendakariarengana, Joseba Eginbarrengana (EAJ) eta Idoia Mendiarengana (PSE-E) hurbildu da agurtzeko. Mahaiko idazkaria den Anton Danboreneari ere eskua luzatu dio, baina hark uko egin dio eskua emateari.