Politika -

Lege-proiektua

Jaurlaritzak 1999ra arteko polizia-biktimak erreparatzea proposatu du

Lege-proiektua da, eta mahaigaineratzen du aipatu urtera arte luzatzea "legez kontrako errepresioaren" biktimak. Egungo estaldura 1978ra artekoa da.

Eusko Jaurlaritzak lege-proiektua onartu du. Argazkia: EFE.
Eusko Jaurlaritzak lege-proiektua onartu du. Argazkia: EFE.
Eusko Jaurlaritzak lege-proiektua onartu du. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak onartu du "legez kontrako errepresioaren" biktimak aitortu eta erreparatzeko lege-proiektu bat; polizia-indarrek eragindako errepresioa ere izango du kontuan, eta 1999ra arte luzatuko du mota horietako urratzeen harirako estaldura. Egun indarrean dagoen legean, estaldura 1978ra artekoa da.

Proiektuak (hemendik aurrera Legebiltzarrean tramitatu beharko dute) Eusko Jaurlaritzak 2012an onartu zuen dekretu baten jarraibideei eusten die. PSE-EE zegoen gobernuan une hartan. Laguntza ekonomikoak arautzen ditu, bai eta erreparatzeko beste hainbat modu ere; dekretuaren xedea zen indar polizialek terrorismoaren aurkako testuinguruan egindako abusuen biktimak erreparatzea.

Testu hura Iñigo Urkulluren gobernuak berraldatu zuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak partzialki baliogabetu; Auzitegiaren arabera, dekretuak ez zuen eskatzen frogarik baieztatzeko zein lesio jasan zituzten laguntza horien eskaleek.

2015eko amaieran, Eusko Jaurlaritzak esan zuen asmoa zuela kontu hau lege baten bidez arautzeko; hala, polizia-biktimen gaineko arautegiak segurtasun juridiko handiagoa izango luke.

Gobernu Kontseiluak, beraz, onartu du astearte honetan lege-proiektua, eta 1978tik 1999ra bitarteko biktimak ere aitortu eta erreparatzea proposatu du.

Indarrean dagoen arautegia osatzen du

Proiektuak osatzen du egun indarrean dagoen arautegia; izan ere, 1999ra arte luzatzen du. Orain dagoenak 1960tik 1978ra artekoak bakarrik aitortzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du testu berriak "hobekuntzak" txertatzen dituela, bertan proposatzen diren neurrien "etorkizuneko garapena" bermatzeko. Jaurlaritzak azaldu ere azaldu du segurtasun juridikoa eman nahi diola kontu honi, eta horregatik nahi du legea izatea.

Lege-proiektuaren arabera, kasu honetan izango da "giza eskubideen urratzea, legez kanpoko errepresio-testuinguruan": herritarren bizitzari edo osasunari (osasun fisikoari, psikikoari, moralari edo sexualari) eragiten dion kalterik egin izan denean, jatorri politikoa duen biolentzia-testuinguruan, eta legez kanpoko errepresioa egiteko asmoarekin.

Abusu horiek bi eragilek egin izana aurreikusten du testuak: "funtzionario publikoren batek, bere zereginetan ala zereginetatik kanpo", edo "partikular batek, banaka edo taldeka, kontrolik gabe".

Aitortutako biktimek osasun-prestazioak izango dituzte, Euskadiko osasun-sistemaren barnean; hala, terrorismoaren biktimen legeak ezartzen dituen prestazioak ere izango dituzte proiektu honetako onuradunek.

Balorazio Batzordea

Balorazio Batzorde bat ere ezarriko dute, erreparazio-neurriak eskatzen dituzten herritarren kasu guztiak aztertzeko. Batzordean Eusko Jaurlaritzak hiru aditu izango ditu, beste hiru Legebiltzarrak hautatuko ditu eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak hiru auzitegiko peritu izendatuko ditu.

Aurreko dekretuak kudeatu duen batzordearekin alderatuta, auzitegiko perituek protagonismo handiagoa izango dute; hain zuzen, bederatzi kideetako hiru Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak aukeratuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak Alderdi politikoak berriak Gaurko azken ordukoa