Politika -
Batzar Nagusiak
Arabako Aurrekontua onartuta, EAJ, PSE eta EH Bilduren botoei esker
2016rako aurrekontua 438,2 milioi eurokoa izango da, iaz baino % 3,04 gehiago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Batzar Nagusiak 2016ko Aurrekontua onartu du, EH Bilduren 11 batzarkideen botoei esker. EAJk eta Alderdi Sozialistak osatutako Foru Gobernuak koalizio independentistaren babesa behar zuen, 51 batzarkidetatik 18 baino ez dituztelako.
EH Bilduk zuzenketak aurkeztu zituen Arabako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proposamenaren aurrean. Jeltzaleek eta sozialistek zuzenketa horiek onartuta, EH Bilduk aurrekontuak babestuko zituela iragarri zuen atzo.
PPk, Podemosek eta Irabazik aurrekontuaren aurka bozkatu dute; Ciudadanosen ordezkaria, berriz, abstenitu egin da.
2016rako aurrekontua 438,2 milioi eurokoa izango da, iaz baino % 3,04 gehiago.
Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak adierazi du aurrekontu horretan hainbat gauza ez dituztela gustuko, baina orokorrean Arabak aurrekontu “sozial eta progresistagoak” izango dituela azpimarratu du. “Azken urteotan PPk utzitako herentziarekin amaitzea ahalbidetuko dute”, erantsi du.