Politika -

Radio Euskadin esanak

EAJ, EH Bildu eta PSE haserre, Memorialetik baztertu dituztelako

Alderdiek Rajoy kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritza aintzat hartu ez dutelako, Terrorismoaren Biktimen Zentroaren proiektuan. PPren hitzetan, akusazioak “manipulatzaileak eta makurrak” dira.

Barne ministroa eta Maroto, zentroa eraikitzeko sinaduran. Irudia: EFE
Barne ministroa eta Maroto, zentroa eraikitzeko sinaduran. Irudia: EFE
Barne ministroa eta Maroto, zentroa eraikitzeko sinaduran. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk Mariano Rajoy Gobernuaren presidentea kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritza eta Iñigo Urkullu lehendakaria baztertu dutelako Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren proiektuan. Izan ere, Rajoy asteartean izango da Gasteizen, aurkezpenean.

Radio Euskadin izandako eztabaida batean, Joseba Egibar EAJren bozeramale eta GBBren presidenteak esan duenez, Gobernu espainiarrak “harreman politiko eza” du Jaurlaritzarekin, terrorismoaren amaierari dagokion guztian, baita Memoriaren Zentroan ere, eta Rajoyk bi urtez zentro horren inguruan ezer ez egin izana kritikatu du.

Horren ildotik, Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen ustean, Rajoyk “errespetu falta handia” egingo du Gasteizen izanda “inolako euskal erakunde aintzat hartu gabe, ezta lehendakaria ere”.

Koalizioaren arabera, ekimena “zentzugabekeria” da, ez dituelako terrorismoaren biktima guztiak biltzen eta PPk “zainetatik egindako” politika batean oinarritu delako.

Jose Antonio Pastor sozialistak Gobernu espainiarraren “interes falta” deitoratu du. Gainera, kritikatu egin du lau urte behar izana zentroa martxan jartzeko eta euskal erakundeekin “gehiago hitz egiteko” eskatu dio PPren Gobernuari.

Aldiz, Carmelo Barrio PPren ordezkariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza baztertu dela dioten akusazioak “manipulatzaileak eta makurrak” dira.

Horren haritik, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak akusazioon kontra egin du eta, bere esanetan, Jaurlaritzak eta EAJk “ez dute gustuko”  ETAren biktimak gogoratzeko zentro bat egitea eta, horregatik, “molestatzen” du Gobernu zentralak “sustatzea”.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Rajoy berriak Herriak eta Hiriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak