Politika -
Prebarikazioa
EH Bilduk Adif salatu du Bizkaiko AHTren zubibide batengatik
Zaratamon zubibide bat eraikitzen jarraitu izana leporatu diete Adifi eta Sustapen Ministerioari, nahiz eta jakitun izan, ustez, ez zela funtzionamenduan jarriko. 11 milioi euroko kostua izan zuen.
Erredakzioa
Oskar Matute EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak salaketa jarri du Adifen eta Espainiako Sustapen Ministerioaren aurka, prebarikazioaren eta ondasunak bidegabe eralgi izanaren akusaziopean, Bizkaian azkenean funtzionamenduan jarriko ez den zubibide bat eraikitzen jarraitu izanarekin lotuta.
Bizkaiko Auzitegian jarri dute salaketa, eta Adifek eta Sustapen Ministerioak delitua egin dutela ikertzeko eskatu dute. Zaratamoko zubibideak 11 milioi euroko kostua izan zuen, eta funtzionamenduan jarriko ez zela jakin arren, aurrera jarraitu zutela diote.
Matute hedabideen aurrean izan da salaketa jarri ostean, eta koalizioak "euskal lurretan inoiz egin den lan garestienari gardentasuna" ezarri nahi diola adierazi du.
"Eusko Jaurlaritzaren eginbeharra prozesu honetan argia eta gardentasuna jartzea dela uste dugu, euskal gizartearen dirua jartzen ari direlako bertan", azpimarratu du.
Koalizioaren abokatuak jakinarazi duenez, prebarikazio delitua egin zuten: "Funtzionamenduan jarriko ez zutela (eta beste bat eraikiko zutela, alboan) jakin arren, Adifek eta Sustapen Ministerioak aurrera egin zuten, geldiarazteko betebeharra zuten arren". "Alferrikako dirua erabili dute horretan", adierazi du.