Politika -

Memoriaren mapa

Biktimentzako banakako omenaldiak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Halaber, azaroaren 10ean Euskadiko udalerri guztietan terrorismoaren biktimak gogoratzea planteatu du. Memoriaren Mapa amaitzeko proposamenak bidali dizkie Eudeli eta Eusko Legebiltzarrari.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Irudirik gabe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, EAEko udalerri guztiek terrorismoaren biktimak gogoratzeko proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak "Memoriaren Mapa amaituz. Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko eta aitortzeko jarduerak udal esparruan garatzeko iradokizunak" dokumentua igorri die Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari eta Eusko Legebiltzarrari, eta horixe da dokumentuak jasotzen duen neurrietako bat.

Horren harian garatuko diren jardueren inguruan udaleko indar politikoen artean "elkarrizketa eta adostasuna sustatzea'' gomendatzen du dokumentuak. Halaber, ahalik eta adostasun handiena bilatuta, erakundeek biktimak oroitzeko eguna azaroaren 10a izatea proposatzen du. Gainera, hildako pertsonen udalerrietan, biktima bakoitzarekin (familiak nahi badu), hilketaren egunarekin bat, oroitzeko eta aitortzeko erakunde-ekintza pertsonalizatu bat egitea gomendatzen du.

Lehen urtetik aurrera, biktimak oroitzeko eta aitortzeko jarduerak Memoriaren Egunaren ekitaldietan sartzea gomendatzen du, bai eta adostasuneko oroimen-erreferente bat sortzea toki-esparruan ere; erreferente hori udalerriko plaza bat, parke bat, eskultura bat edo toki enblematiko bat izan daiteke.

Memoriaren Mapa

Memoriaren Mapa ekimena 2009ko azaroan sustatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerri bakoitzean bertan bidegabe hil zituzten pertsonak gogoratzeko guneak eta oroimeneko ekintzak egitea sustatze aldera. Aldi berean, indarkeriaren aurkako eta bizitza defendatzearen aldeko memoria kritiko bat bultzatzeko erakundeen betebeharra betetzeari ere erantzuten dio Memoriaren Mapak.

Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 Bake eta Bizikidetza Planaren IV. ekimenaren barruan (biktimei babesa, errekonozimendua eta ordaina emateari buruzkoan) kokatzen da Memoriaren Mapa. Hain zuzen ere, oraingo ekintzen jarraipenaren esparruan kokatzen da.

''Terrorearen mapa'' ari da prestatzen Covite

Consuelo Ordoñez Covite Euskadiko biktimen elkarteko presidenteak iragarri duenez, ''Terrorearen mapa'' ari da prestatzen elkartea, bertan Madrilen egindako atentatuak ere biltzeko.

Ordoñezek azaldu duenez, uda aurretik aurkeztuko dute Madrilen mapadelterror.com. Horren bidez, ETAren, GALen, Batallón Vasco Españolen eta eskuin muturreko taldeen hilketak bildu nahi dituzte

Coviteren asmoa da ''Terrorearen mapa'' hori Espainiara, Frantziara eta Europara ere zabaltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL