Politika -
Eusko Legebiltzarra
Urkullu:'Aldundiekin sinatutako ituna Aurrekontuetara luzatu behar da'
Astelehenean, Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek Ekonomia Suspertzeko Ituna sinatu zuten, eta defizit-muga berriarekin lortutako 180 milioi euroak zertara bideratuko dituzten adostu zuten.
Erredakzioa
Defizitaren muga berriaren inguruan EAEko hiru Foru Aldundiekin sinatutako akordioa 2014ko Aurrekontuetara luzatzea espero du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horrela, Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien "egonkortasuna" bermatu nahi du lehendakariak, datorren urtea "zaila" izango dela argudiatuz.
Astelehenean, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek Ekonomia Suspertzeko Ituna sinatu zuten, eta defizit-muga berriarekin lortutako 180 milioi euroak zertara bideratuko dituzten adostu zuten.
Gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan EAJk egindako galderari erantzunez, Urkulluk esan du Aldundiekin sinatutako ituna "aurrerapauso bat" dela. Hala ere, "nahikoa ez" dela onartu du, eta lehen hitzarmen hori etorkizunean eman behar diren beste akordioen "oinarria" izatea espero duela gaineratu du.
Horren harian, akordioa beste erakunde batzuetara eraman nahi duela zehaztu du Urkulluk.
Kupoaren inguruko negoziazioa
Bestalde, Urkulluk ohartarazi du Kupoaren Legea berritzeko eta aurreko urteetako likidazioak ixteko negoziazioa bideratzeko, Espainiako Gobernuak erakundeen arteko "aldebikotasuna" errespetatu eta bere gain hartu beharko duela.
Kupoaren negozioari buruz Jaurlaritzak ez duela "hitz txarrik" esan nabarmendu du lehendakariak. Jaurlaritza "elkarrizketarako, negoziaziorako eta hitzarmenerako prest" dagoela gaineratu du.