Mundua -
BIDAIAK
Bidaiatzeko Baimen Elektronikoa: Apirilaren 2tik aurrera Erresuma Batura joateko jakin beharreko guztia
Erresuma Batura bidaiatzeko baimena internet bidez eskuratu beharko da eta 10 libra (12 euro inguru) ordaindu beharko dira. Bertako gobernuaren webgunean eta UK ETA aplikazioaren bidez egin daiteke.
AGENTZIAK | EITB Media
2025eko apirilaren 2tik aurrera Erresuma Batuan sartzeko Bidaiatzeko Baimen Elektronikoa delakoa —Electronic Travel Authorisation (ETA), ingelesez— beharko dute Europar Batasuneko herritarrek, baldin eta bisarik edo bizileku baimenik ez badute.
Zer da Bidaiatzeko Baimen Elektronikoa?
Turismo, negozio edo ikasketa arrazoiengatik Erresuma Batuan sei hilabete baino gutxiagoko epean egoteko beharrezkoa den baimena da. Internet bidez eta Erresuma Batura bidaiatu baino lehen izapidetu beharko da.
Nork behar du Bidaiatzeko Baimen Elektronikoa?
Europar Batasuneko hiritarrek, adin txikikoak barne, baimen elektronikoa beharko dute turismo, negozio eta ikasketa arrazoiengatik Erresuma Batuan sei hilabete baino gutxiagoko egonaldiak egiteko.
Halaber, Erresuma Batuan eskala edo geldialdia egiten duten bidaiariek ere beharko dute baldin eta maletak berriro fakturatu edo muga kontrola pasatu behar badute.
Salbuespenak
Salbuetsita egongo dira:
- Erresuma Batuan eskala edo geldialdian egin eta maleta berriro fakturatu edo muga kontrola pasatu behar ez dutenak.
- Dagoeneko bisa-baimena dutenak.
- Erresuma Batuan bizileku baimena dutenak.
- Irlandako pasaportea dutenak.
Nola eskatu dezaket Bidaiatzeko Baimen Elektronikoa?
Erresuma Batura bidaiatzeko baimena internet bidez eskuratu beharko da eta 10 libra (12 euro inguru) ordaindu beharko dira. Bertako gobernuaren webgunean eta UK ETA aplikazioaren bidez egin daiteke. Bi urteko iraupena izango du eta baimena duen bidaiaria nahi adina aldiz sartu ahalko da epe horretan Erresuma Batuan, baldin eta sei hilabetetik beherako egonaldia bada. Datozen hilabeteetan, 10 libra beharrean 16 kostatuko da (19 euro inguru).
Baimena eskatzen den unetik bi eguneko epean gauzatuko da gehienez ere.