Mundua -

Gertakari astronomikoa

Eguna gau bihurtuko du gaur eguzki-eklipse oso batek Mexikon, AEBn eta Kanadan

Iluntasunik ez da nabarituko Euskal Herrian. Eklipsea ikusiko den eremuetan, iraganeko eklipseetakoak baino zabalagoak eta populatuagoak izanik, turista oldeak espero dituzte. Kanadan, Niagara eskualdean, esaterako, larrialdi-egoera ezarri dute inguruko segurtasuna bermatze aldera.

Neskato bat eklipse bati begira, beharrezko babesarekin. @NASA.
Neskato bat eklipse bati begira, beharrezko babesarekin. @NASA.
Neskato bat eklipse bati begira, beharrezko babesarekin. @NASA.

Agentziak EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milioika lagunek gozatu ahal izango dute gaur, astelehenarekin, gertatuko den eguzki-eklipse osoaz. Hori bai, munduzko zati batean baino ez da izango ikusgai: Mexikon, AEB erdialdean eta Kanada ekialdean. Ipar Amerikako eta Erdialdeko Amerikako gainerako tokietan eguzki partziala ikusiko da. Zoritxarrez, Euskal Herrian ez da ikusgai izango, hemen gaua denean gertatuko baita. 

Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean pasatzen denean gertatzen da eguzki-eklipse osoa, Ilargiak guztiz ezkutatzen baitu Eguzkia lurtarrontzat. Eguzki-eklipse osoak ez dira fenomeno arraroa, 18 hilez behin gertatzen baitira. 2024ko honek, baina, berezitasun bat izango du: eremu zabalagoetan eta oso populatuetan gertatuko da. Adituen ustez, 30 milioi lagunek ikusi ahal izango dute eklipse hau. 

Tokiaren arabera, gehiago edo gutxiago iraungo du eklipseak, minutu bat eta lau minutu eta erdi artean. NASAren kalkuluen arabera, Mexikoko Durango estatuko Nazas herrian iraungo du gehien: 4 minutu eta 28 segundo (bertan 12:17 direnean). Ontarion (Kanada), berriz, hiru minutu eta erdi iraungo du. 

Eklipsea Mexikon izango da ikusgai aurrena, eta ipar-ekialderantz zabaltzen joango da, AEB erdialdea (Oklahoma, Missouri, Illinois eta Ohio) zeharkatu eta Kanadan sartuko da. 11:00etan izango da ikusgai Mazatlanen (Sinaloa, Mexiko), 13:40an Dallasen (Texas, AEB), 15:13an Clevelanden (Ohio, AEB) eta 15:27an Montrealen (Quebec, Kanada). Terranovan 17:00ak inguru direnean estaliko du Ilargiak Eguzkia, guztiz. 

AEBn eklipseak izango duen ibilbidea argitaratu du NASAk: 

Turista erauntsia

Eguzki-eklipse osoak zeruak ilunduko ditu, tenperaturak jaitsarazi eta txori-kantuak isildu. Ikuskizuna erabatekoa izango da, eta ikusgai izango den eskualdeetan jendetza espero da. Nazasen (Durango, Mexiko), esaterako, biztanle adina bisitari espero dituzte, 10.000 turista. 

Kanadako eskualderik populatuenean (6,3 milioi biztanle ditu), Niagara Falls eskualdean (Torontoko erdigunetik 90 minutura autoz), milioi bat bisitari espero dituzte. Hori dela eta, larrialdi-egoera ezarri dute agintariek, inguruko segurtasuna bermatze aldera. 

Haurrak eskolatik ateratzen diren ordu inguruan gertatuko da eklipsea toki askotan, eta Kanadan, herri batzuetan, egun horretan eskolak ixtea erabaki dute. Torontoko Eskualdeko Eskolen Kontseiluak (Kanadako handiena ikasle eta ikastetxe kopuruari dagokionez) ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki du, nahiz eta hirian eklipsea partziala izango den. 

Zientziarentzat, aparteko hitzordua

Eklipse osoa "hitzordu aparta" izango da zientziarentzat, NASAren esanetan. "Eklipseek gaitasun berezi bat dute, gure unibertsoaren edertasunarekiko erreberentzia sentitzera bultzatzen dute jendea", nabarmendu du Bill Nelson NASAko kudeatzaileak.

Nelsonen hitzetan, baliteke animalia batzuek "ezohiko portaerak" erakustea; jirafak trostan, oilarrak kukurrukuka edo txoriak isilik. 

Foto del eclipse solar de 2023. EFE

Era berean, Pam Melroy NASAren kudeatzaile-albokoak azpimarratu du "aukera zientifiko izugarria" eskainiko duela eklipse honek, ez bakarrik Eguzkia behatzeko, Ilargia eta Lurra bera ere "gutxitan bezala" ikusteko modua izango baita. 

Ez alferrik, NASAk aurreikusita du Virginiatik hiru kohete aireratzea, Ilargiak Eguzkia eklipsatzen duenean ionosferan sortzen diren aldaketak ikertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Nasa Kanada Eguzki eklipseak