Mundua -

Gaza, erasopean

Errusiak eta Txinak atzera bota dute AEBk Gazarako egindako su-eten proposamena, "sendotasun faltagatik"

Bi kide iraunkor horiez gain, Aljeriak ere egin du AEBk NBEko Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako ebazpenaren kontra. Guyana abstenitu egin da, eta beste hamaika herrialdek aldeko botoa eman dute.

NBEren Segurtasun Kontseiluaren ostiral honetako bilera.
NBEren Segurtasun Kontseiluaren ostiral honetako bilera.
NBEren Segurtasun Kontseiluaren ostiral honetako bilera.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazarako bake-proposamen berri bat ezerezean gelditu da gaurkoan, eta lau dira jada NBEren Segurtasun Kontseiluan tiraderan gorde dituzten bake-proposamenak, Israelek Hamasen urriaren 7ko atentatuei erantzunez Gazan abiatutako "gerra" hasi zuenetik. Sei hilabete hauetan, 32.000 baino gehiago dira dagoeneko Gazan hildakoak, gehienak zibilak, haurrak eta emakumeak. 

Gaurkoa izan da AEBk aurkeztutako lehen proposamena, eta lehen aldiz eskatu du berehalako su-etena Gazan. Baina gaur txanponaren beste aurpegia gelditu da agerian, eta Errusia eta Txina izan dira euren betorako eskubidea erabili dutenak

AEBk hiru alditan ezarri dio betoa Gazarako bake-proposamenei, argudiatuz testu horietan ez zela jasotzen Israelek bere burua defendatzeko zuen eskubidea, eta horrek bide ematen ziola Hamasi berrarmatu eta berrantolatzeko. 

Hilabetez negoziatu den eta sei zirriborro ere behar izan dituen ebazpenak ez du erakutsi, Txinaren, Errusiaren eta Aljeriaren iritzirako, "su-etena eskatzeko orduan behar den irmotasunik". 

Ebazpenak aldeko hamaika boto jaso baditu ere, eta aldeko bederatzi boto nahikoa izan arren ebazpen bat onartzeko, beto eskubidea duten bi herrialderen ezezko botoek (Errusiaren eta Txinaren botoak, kasu honetan) ezinezko egiten dute ebazpena onartzea. Guyana abstenitu egin da.

Vasili Nevenzia Errusiak Kontseiluan duen ordezkariaren esanetan, "hipokrisiaren erakusgarri" da proposamena, "Gaza lurrazaletik ezabatu dutenean aurkeztu baitute". Horren ustez, ebazpenak "ez du su-etena argi eta garbi eskatzen", eta "su-eten berehalakoa eta iraunkorra bi aldeetako zibilak babesteko inperatibotzat" aurkeztu du. "Nazioartea desorientatzeko diseinatutako ekimen hipokrita" da testua, horren aburuz, eta "Israeli Rafahn operazio militarra egiteko argi berdea" ematen diola ohartarazi du. 

Zhang Jun Segurtasun Kontseiluko Txinako enbaxadoreak kritikatu egin du erakundea "herrestan joan" dela su-eten bati dagokion guztian, bere ustez, "baldintzarik gabekoa" izan beharko lukeelako. Adierazi du taldearen duintasuna "babesteko" jarri behar izan diola betoa proposamenari. Gaur bozkatutako testua "anbiguoa" dela esan du, "ez duelako su-etenerako dei argirik egiten"; gainera, "Kontseiluko kideen adostasunetik aldentzen da eta nazioartearen itxaropenetatik urrun dago", su-etena baldintza batzuen mende jartzeaz gain.

Amar Bendjama Aljeriako enbaxadoreak ere kontrako botoa eman du, eta AEBk azken ebazpen honetan "aldaketa onargarriak" erakutsi dituela onartu arren, ezezkoa emateko nahikoa motibo iruditu zaio testuaren hizkerari "sendotasuna falta" izateak, baita Israelek zibil palestinarren heriotzan duen erantzukizunari buruzko aipamenik ez egitea ere.

Linda Thomas-Greenfield Estatu Batuetako ordezkariaren arabera, proposamenak "su-eten iraunkor, inperatibo eta berehalakoa" eskatzen zuen, "laguntza humanitarioaren fluxua Gazara hedatzeko premia larria" delako. Esan duenez, "akordio baten parte gisa" ulertzen dute su-etena, "Hamasek eta beste talde batzuek bahituak askatzea eta Gazara laguntza humanitario gehiago iristea ahalbidetuko duen akordio bat". Testuak "behartutako edozein desplazamendu errefusatzen du" eta Israelek Gazako lurraldea murrizteko edo lurralde okupatuan kokaguneak handitzeko egindako edozein ekimen gaitzesten du, horren hitzetan. Hori guztia, baina, ez da nahikoa izan erabateko onarpena lortzeko.

Gaur egun, su-etenari buruzko hizkera argiagoa lukeen beste ebazpen bat negoziatzen ari dira Segurtasun Kontseiluan. Errusiak eta Txinak ebazpen hori babestuko dutela esan dute, baina ikusteko dago zein izango den AEBren jarrera, betoa jar diezaiokeelako.

NBEn, Europar Batasunean edo zeharkako negoziazioetan, zein Dohan (Qatar) ahalegin diplomatikoak ugaritzen eta dibertsifikatzen ari diren bitartean, Gazan hazten eta hazten jarraitzen du Israelek hildakoen zerrenda: 32.000 pertsona baino gehiago dira dagoeneko. Sei hilabetean, egunean, batez beste, 170 izen bildu dituzte hildakoen zerrendara.

Nazioartea hitzen bila katramilatuta dagoen bitartean, Israelek aurrera jarraitzen du bere asmo eta mehatxuekin, eta Rafah husteko agindua emana du, "Hamasen azken batailoiak desagerrarazteko" laster lurrez erasotzeari ekingo diola iragarri duelako. Rafahn dauden 1,5 milioi gazatarrak harrapatuta eta inguratuta daude, nora jo ez dutela.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du Anthony Blinken AEBko Estatu idazkariari Rafahn sartzeko asmoa helarazi diola, AEBren laguntzarekin edo laguntzarik gabe. "Ezin da Hamas garaitu Rafahn sartu gabe eta bertan dauden gainerako batailoiak desagerrarazi gabe. AEBren babesa izatea espero dudala esan diot, baina, besterik ezean, bakarrik egingo dugu", esan du agintari israeldarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina bideoak Errusia argazkiak NBE albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina azken orduko albisteak Eskubide unibertsalak Ekialde Hurbileko albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa