Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek Gazako Al Shifa ospitalea setiatu du laugarren aldiz, frankotiratzaileekin eta tankeekin

Zerrendako ospitale inportanteena da, eta hildakoak izan dira barruan aterpe hartzen ari diren 30.000 desplazatuen artean.

Al Shifa ospitalearen sarrera, azaroko erasoen ostean. Argazkia: EITB
Al Shifa ospitalearen sarrera, azaroko erasoen ostean. Argazkia: EITB
Al Shifa ospitalearen sarrera, azaroko erasoen ostean. Argazkia: EITB

0:32

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Gazako Al Shifa ospitalea, zerrendako garrantzitsuena, setiatu du erasoaldia hasi zenetik laugarrenez. Tankeak eta frankotiratzaileak erabili ditu gaur goizaldean erasoa egiteko, eta hildakoak izan dira barruan aterpe hartzen ari diren 30.000 desplazatuen artean, Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

"Al Shifako ospitalearen inguruan terroristak daudela eta zentroa ekintza terroristetarako erabiliko dutela dioten inteligentziako informazioak jaso ostean, Armada operazio zehatza egiten ari da jarduera terrorista galarazteko eta ospitalean dauden terroristak atxilotzeko", adierazi du Israelgo Armadak.

Gazako Osasun Ministerioak esan du operazioa "gaixoen, zaurituen, desplazatuen eta sendagileen aurkako sarraskia" dela, eta Israelgo Armadak tiro egin duela kirurgia espezializatuak egiten dituen eraikinaren aurka, misilekin apuntatu dutela, eta tankeak eta ibilgailu militarrak sartu dituztela patioan.

"Tragedia bat da, eta nazioarteko lege eta arau guztiak urratzen dituen osasun erakundeen aurkako erasoa", adierazi du Ministerioko bozeramaile batek ospitalearen aurkako laugarren setioaren harira.

Gainera, erasoak sute bat piztu du ospitaleko atean, eta asfixia kasuak izan dira emakume eta haur desplazatuen artean.

Operazioa justifikatzeko froga gisa, Armadak COGATeko (okupatutako lurraldeetan kontu zibilez eta administratiboez arduratzen den erakunde militarra) bitartekari baten eta Al Shifako zuzendariaren arteko elkarrizketa bat zabaldu du, bertan zuzendariak ustez Hamasen "jarduera terroristak" salatzen ditu eta horiek amaitzeko beharra azpimarratzen du.

Gazako ospitale garrantzitsuenaren aurkako laugarren erasoa da gaurkoa. Lehenengoa azaroan izan zen, eta 10 egunez eutsi zion Israelek setioari. Tarte horretan, milaka zauritu eta gaixo ebakuatzeko agindua eman zuen, sendagileak atxilotu zituen, zuzendaria barne, eta Hamasen armak eta abar atzeman zituela adierazi zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Eskubide unibertsalak Benjamin Netanyahu gaur Ekialde Hurbila