Mundua -

Gaza, erasopean

Gazako Osasun Ministerioak Al Shifa Ospitalean ebakuatuei eta medikuei erasotzea leporatu dio Israeli

"Heriotza-usaina nonahi da nagusi, larrialdi-zerbitzutik ospitaleko azken eraikineraino", esan du ospitaleko zuzendariak, eta paziente askoren zauriak usteltzen ari direla adierazi du, antibiotikorik ez dagoelako eta ospitaleko zerbitzuak etenda daudelako.

Al Shifa Ospitalea, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Al Shifa Ospitalea, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Israelgo Armada Al Shifa ospitalean sartu da, Hamasen aurkako ''operazio zehaztzat'' aurkeztutako ekinaldian

0:40

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Osasun Ministerioak Al Shifa Ospitaleko medikuei eta ebakuatuei eraso egitea leporatu dio Israelgo Armadari. Bertan, osasun-zentroko zati batean "operazio zehatz bat" egiten ari direla esan dute militarrek.

Mohamed Zaqout Ospitaleetako zuzendari nagusiak adierazi duenez, soldaduek ospitaleko hainbat mediku ere galdekatu dituzte "ordu luzez" inguruko geletan, eta ospitaletik alde egiten ari zirenei tiro egin diete. Al Shifa Zerrendako ospitalerik handiena da, eta bertan daude 2.000 desplazatu eta 650 paziente, tartean 22 gaixo zainketa intentsiboetan eta 36 haurtxo goiztiar.

Hedabide palestinarrek diotenez, gutxienez 200 pertsona atxilotuta egongo lirateke, medikuen eta ebakuatuen artean.

Bestalde, Mohamed Abu Salmiya Al Shifa osasun zentroko zuzendariak jakinarazi duenez, Israelgo Armadak esparruko hainbat eraikinetan jarraitzen du, dialisi departamentuan barne, eta medikuek ezin dute farmaziara sartu pazienteei sendagaiak emateko, "mugitzen den guztiari egiten baitiote tiro".

Abu Salmiyak dio ez dagoela ez urik, ez elektrizitaterik, ez oxigenorik ospitaleko inongo sailetan, eta ezin izan duela bere mediku askorekin hitz egin pazienteen egoerari buruz, "bereziki haur goiztiarren egoerari buruz".

"Heriotza-usaina nonahi da nagusi, larrialdi-zerbitzutik hasi eta ospitaleko azken eraikineraino", baieztatu du ospitaleko zuzendariak, eta paziente askoren zauriak usteltzen ari direla adierazi du, antibiotikorik ez dagoelako eta ospitaleko zerbitzuak etenda daudelako.

Gazako Gobernuaren prentsa-bulegoaren arabera, Israelgo Armada Al Shifan sartu zen tanke, lehergai, drone eta soldadu armatuekin, "barruan tiro eginez", eta hori "gerra krimena" da.

Bestalde, Israelgo Armadako goi ofizial batek esan du ez dela borrokarik izan ospitale barruan, soilik kanpoan, eta "lau terrorista" hil dituztela. Are, adierazi du tropak "astiro eta zehatz" ari direla lanean "zibil errugabeei ahalik eta kalte txikiena egiteko".

"Datozen orduetan" Al Shifa Ospitalea Hamasen aginte-zentro gisa erabiltzen zutela "frogatuko" duten armak eta frogak aurkitu dituztela esan du ofizial militarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak