Mundua -

Itsas korridore humanitarioa

'Open Arms' ontzia elikagaiak deskargatzen hasi da Gazako kostaldean

Datozen egunetan beste 400 tona elikagai iristea espero da. "Lehorretik laguntza sartzeak soilik ematen du aukera erantzun egokia izateko", ohartarazi du UNRWAk, "itsaso eta aire bidezko bidalketak kamioiak lurretik bidaltzea baino askoz garestiagoak direlako".

'Open Armsi ontzia Gazako kostaldean. Argazkia: EFE
'Open Armsi ontzia Gazako kostaldean. Argazkia: EFE
'Open Armsi ontzia Gazako kostaldean. Argazkia: EFE

0:26

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Open Arms eta World Central Kitchen (WCK) gobernuz kanpoko erakundeek itsasotik Open Arms ontzian bideratutako laguntza Gazako Zerrendan sartu da gaur arratsaldean, eta 200 tona janari deskargatzen hasi da.

"Garabi baten bidez deskargatzen ari dira dagoeneko", baieztatu dute ontziko iturriek, eta lehen itsas korridore humanitarioa inauguratu dute, palestinarren lurreko gosea arintzeko helburuarekin, Israelek bost hilabeteko sarraskien ondoren apenas utzi baitu lurretik laguntza iristea.

"Gaur World Central Kitchenek 37 milioi otordu aurreikusten ditu Gazan", argitaratu berri du erakundearen sortzaileak, Jose Andres sukaldari ospetsuak, X sare sozialean.

Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri Ministerioak (World Central Kitchen eta Ziprerekin batera elkarlanean aritu da itsas korridore hori prestatzen) Zerrendaren iparraldera laguntza humanitarioa bidaltzeko operazioak "arrakasta" izan duela baieztatu du, eta "Ziprek, World Central Kitchenek eta nazioarteko bazkideek erantzun humanitarioa indartzeko egindako ezinbesteko ahaleginak" azpimarratu ditu.

Hala ere, gogorarazi duenez, "Zerrendan hondamendi humanitarioa ez areagotzeko, nazioarteko ikuspegi kolektibo bat hartu behar da", herritarrek sufritzen jarrai ez dezaten eta laguntza "premiaz, modu seguruan eta oztoporik gabe" ematea bermatu ahal izateko.

"Gazara edozein laguntza heltzea ezinbestekoa bada ere, hura lurretik sartzea da eskala handiko erantzuna ahalbidetzen duena", ohartarazi zuen UNRWAk ostegunean ohar baten bidez. "Eragile humanitarioen esanetan, itsaso eta aire bidezko bidalketak kamioiak lurretik sartzea baino askoz garestiagoak dira", gaineratu du.

Hurrengo egunetan, Larnakako portuan dauden 400 tona elikagai bidaliko dituzte Zerrendara, ostegunean Juan Camilo Jimenez World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundearen ordezkariak baieztatu zuenez.

Gazako palestinarren % 85 desplazatuta daude, eta, NBEren arabera, azpiegituren % 60 kaltetu edo erabat suntsitu ditu Israelek. Herritarren zati handi bat gosea pairatzen ari da, eta gutxienez 27 pertsona (gehienak haurtxoak) hil dira Zerrendaren iparraldean gose-egarria asetu ezinik, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Guztira, hildakoak 31.500 inguru dira, eta 73.400 baino gehiago zauritu dira; horien % 72 emakumeak eta umeak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Eskubide unibertsalak Gosea Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbila Hamas