Mundua -

Itsas korridorea

'Open Arms' ontzia datozen orduetan helduko da Gazara, 200 tona elikagai banatzeko

Ontzia asteartean atera zen Zipretik. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, "zailtasun goreneko" misioa da honakoa, eta hainbat aldiz atzeratu behar izan dute eguraldia eta segurtasun bermeak direla eta. 

Open Arms ontzia. Argazkia: @openarms_fund
Open Arms ontzia.
Open Arms ontzia. Argazkia: @openarms_fund

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenen arabera, gaur da heltzekoa Gazako Zerrendara Open Arms ontzia, Israelen erasopean dagoen eremuan 200 tona jaki banatzeko asmoz. 

Gobernuz kanpoko erakundearen ontzia asteartean atera zen Zipreko Larnaka portutik. Aurrez, hainbat aldiz atzeratu zuten itsasoratzea, eguraldiaz gain Israelek segurtasun bermeak ematen ez zituela eta. 

Open Arms erakundeak aitortu zuenez, "zailtasun goreneko" misioa da honakoa. Izan ere, berez 25 ordu baino ez dira behar Zipretik Gazara dauden 210 itsas miliak egiteko. Dena dela, ontziko arduradunek 50 orduko bidaia aurreikusi zuten. 

Ontziak 200 tona janari daramatza: irina, arroza eta atun latak, besteak beste. Zama beste gobernuz kanpoko erakunde batek (World Central Kitchen) eraikitzen ari den kai-muturrean utziko dute (Israelen bonbardaketek zeuden portuak suntsitu dituzte). 

Gosete larria dago Gazan, bost hilabete baino gehiagoz erasopean egon ostean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Zerrendaren iparraldean gutxienez 27 pertsona, gehienak haurtxoak, zendu dira goseak jota

Guztira, 31.300 pertsona hil eta 73.200 zauritu ditu Israelek. Biktimen % 72 umeak eta emakumeak dira. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak gaur Gosea Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbila