Mundua -
Gaza erasopean
Nazioarteak gogor gaitzetsi du Gazan janaria hartzeko ilaran zain zeuden kontra Israelek egindako erasoa
AEBk NBEren Segurtasun Kontseiluan sarraskia gaitzesteko adierazpena blokeatu zuen, beste behin. EBk eta dozenaka herrialdek, tartean Espainiak, Frantziak edo Australiak, gaitzespen irmoa egin dute. Kolonbia harago joan da eta Israeli armak erosteari utziko diola jakinarazi du.
Agentziak | EITB Media
"Izugarrikeria", "gaitzespen irmoa" eta baita "genozidioa" ere. Horiexek nazioarteak erabilitako berbak Israelek atzo egindako erasoaren aurrean. Soldadu israeldarrek tiro egin zieten janaria hartzeko ilaran zain zeuden ehunka palestinarri: gutxienez, 100 pertsona hil eta 700 zauritu zituzten.
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak sarraskia gaitzetsi du eta beste behin su etena eskatu du Gazako Zerrendan. "Gazako zibilek laguntza behar dute lehenbailehen, iparraldekoak barne. Bertan NBEk ezin izan du laguntzarik eman duela astebete baino gehiago", salatu du Stephane Dujarric Guterresen bozeramaileak.
Aurrez, Martin Griffiths NBEko Gai humanitarioetarako idazkari ondokoa "atsekabetuta" azaldu da triskantzarekin. "Bost hilabete igaro dira borroka basatiak hasi zirenetik eta, halere, gu hunkitzeko ahalmena du oraindik Gazak", deitoratu du.
NBEren Segurtasun Kontseilua atzo arratsaldean bildu zen, Aljeriak eskatuta. Urriaren 7tik duen jarrerari eutsita, AEBk betoa jarri zion kontseiluak sarraskiari buruz onartu behar zuen adierazpenari. Riad Mansur NBEn Palestinak duen ordezkari iraunkorrak gaur jakinarazi duenez, Segurtasun Kontseiluko 15 herrialdeetatik 14k egin zuten Aljeriak aurkeztutako idatziaren alde: AEB izan zen salbuespena. Robert Wood AEBko ordezkari ondokoak argudiatu zuenez, Washingtonek "ez ditu gertatutakoaren inguruko datu guztiak".
Bien bitartean, Josep Borrell Europar Batasunaren (EB) Atzerri Politikarako goi ordezkariak esan du "ikaratuta" dago zibilen hilketarekin. "Hilketa horiek erabat onartezinak dira. Pertsonei laguntza kentzea zuzenbide humanitarioa larriki urratzea da", idatzi du X sare sozialean.
Ildo beretik, dozenaka herrialdek egin dute sarraskiaren gaitzespena. Tartean dira Espainia, Frantzia, Txina, Australia, Mexiko, Kolonbia eta Golkoko beste zenbait (Qatar, Kuwait, Saudi Arabia eta Iran).
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri, Europar Batasuna eta Lankidetzarako ministroarentzat atzo Gazan gertatutakoa "onartezina" da eta su etena eskatu du.
Ildo beretik, Emmanuel Macron Frantziako presidentea "suminduta" azaldu da eta "egia, justizia eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea" eskatu du.
Erasoa gaitzesteaz gain, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri du Israeli armak erosteari utziko diola herrialdeak. "Janaria eskatzen ari zirenean, 100 palestinar baino gehiago hil ditu Netanyahuk. Horri genozidioa deitzen zaio, eta Holokaustoa gogorarazten du, nahiz eta nazioarteko botereari ez gustatu. Munduak Netanyahu geldiarazi behar du. Kolonbiak ez dio armarik erosiko Israeli", jakinarazi du X sare sozialean.
Azkenik, Mugarik gabeko Medikuak eta Amnistia Internazionala gobernuz kanpoko erakundeek gogor gaitzetsi dute erasoa. Tonu gogorrean, AI Israelen aliatuei zuzendu da, eta Israel Gazan egiten ari denaren aurrean "ez-ikusiarena" egiteari uzteko eskatu die. "Genozidioari aurre egiteko eta Gazako zibilak babesteko ekimen berehalako eta eraginkorrak egon behar dira", erantsi du.