Mundua -

NEKAZARITZA

Frantziako Gobernuak iragarri du 230 milioi euroko dirulaguntza osagarria emango diela nekazariei

Era berean, prest agertu da Europar Batasunaren eta Mercosurren (EBk Latinoamerikan duen bazkide ekonomiko nagusia) arteko negoziazioetan esku hartzeko.

Ipar Euskal Herriko nekazarien protestak. Argazkia: EITB Media
Ipar Euskal Herriko nekazarien protestak
Ipar Euskal Herriko nekazarien protestak. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Ipar Euskal Herriko eta Frantzia osoko nekazariak egiten ari diren protesten aurrean, urak baretze aldera, Frantziako Gobernuak iragarri du bi dirulaguntza-sorta jasoko dituztela nekazariek. Orotara, 230 milioi euro bideratuko dituzte laguntza berri horietara.

Gaur egin du iragarpena Marc Fesneau Nekazaritza ministroak Sud Radio irrati-katean egin dioten elkarrizketan. Erantsi duenez, Europar Batasunari ere eskatuko diote Mercosurrekin —Latinoamerikako merkataritza erakunde nagusia— duen negoziazioa eten dezala, egungo baldintzak  aldatu ezean.

Laguntza-sortetako bat, mahastien sektorera joango da: 150 milioi euro. Fesneauren hitzetan, mahastien denboraldiaren hasieran sortzen diren beharrei erantzuteko izango da. EBren onespena beharko dute laguntzek, eta Frantzia baldintzak adosteko prest agertu da.

Bigarren paketea, berriz, 80 milioi eurokoa, krisi puntualak izan dituzten sektoreen arazoak bideratzeko erabiliko da. Hala nola, mildiu onddoak ardogintzan eragin dituen kalteei aurre egiteko, edota, nekazaritza-ustiategiek dituzten zorrak ordaintzen laguntzeko.

Bien bitartean, nekazariek protestan jarraitzen dute. Frantzian, Paris inguruan, gutxienez zortzi errepide blokeatuta daude. Ipar Euskal Herrian, berriz, joan den astelehenean nekazariek bertan behera utzi zuten A-63ko blokeoa, Baiona parean, baina bestelako protestekin jarraituko dutela jakinarazi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Iparraldea Europa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Frantziako Gobernua