Mundua -
Klimaren goi bilera
2050erako erregai fosilak uzteko "trantsizioa" onartu dute COP28an
Presidentetzak proposatutako azken zirriborroa onartu dute herrialdeek. Adostutakoa lehen proposamena baino harago doa (erregaiok "murriztea" planteatzen zuen), baina ez du erregai fosilei azkena ematea proposatzen. Dena den, inoizko konpromisorik handiena erdietsi dutela nabarmendu dute.
E. G. | EITB Media
Aditu askorentzat, "ezinezkoa" zirudien akordioa, baina azkenean heldu da. 2050erako erregai fosilak uzteko "trantsizioa" onartu dute Klimaren inguruko goi bileran, COP28an.
Adostutako testuak Dubaiko gailurraren Presidentetzak proposatutako lehen zirriborroak baino anbizio gehiago du —orduko hartan, ikatza, gasa eta petrolioaren erabilera "murriztea" planteatu zuen—, baina ez du erregai fosilen amaiera ekarriko. Dena dela, goi bilera klimatiko batean inoizko konpromiso handiena erdietsi dela nabarmendu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak. "Lehen aldiz, COP28ak aitortu du erregai fosilak utzi behar direla; urte luzez eztabaida ez atzera ez aurrera egon da", azpimarratu du.
Negoziazioak eta eztabaidak ia etengabeak izan dira azken bi asteotan. Behin betiko testua 24 orduko atzerapenarekin (atzo bukatu behar zen goi bilera) onetsi du COP28aren osoko bilkurak, gehiengoz.
"Balantze Globala" deitu duten 21 orrialdeko testuak erregai fosiletatik aldetzeko bidea egiteko deia egiten die estatuei. "Modu ordenatu eta bidezkoan egin beharko da, hamarkada kritiko honetan (2020-2030) erritmoa azkartuta, 2050erako zero isuri garbiaren helburua betetzeko helburuarekin".
Adostutakoaren arabera, negutegi efektuko gasen isuria % 43 murriztu beharko litzateke 2030erako, eta % 60, 2035erako, betiere 2019ko maila kontuan hartuta. 2050erako, zero isuri garbia izatea da asmoa.
"Lortutakoa historikoa da, aurrekaririk gabekoa", adierazi du Sultan Al Yaber COP28ko presidenteak, eta herrialdeei egindako "lan gogorra" eskertu die.
Muturreko bi jarreren artean, erdibidea
Erregai fosilak alde batera uzteko konpromisoa gako zen Europar Batasunarentzat, klima aldaketak bereziki kolpatutako herrialdeentzat (Pazifikoko uharteak, batez ere) eta garapen bidean dauden beste batzuentzat. Pozik agertu da, hain zuzen ere, Wopke Hoekstra, Ekintza Klimatikorako Europako komisarioa, eta akordioa "historikoa" dela berretsi. "Gure helburua bete dugu: 1,5 graduei eustea (berotze globalaren mugaz ari da) eta erregai fosilei azkena ematea", nabarmendu du.
Horren inguruko akordio bat lortzea, baina, ez zen erraza, petrolioari lotutako herrialdeak (Saudi Arabia edo antolatzaile lanetan aritu den Dubai, Arabiar Emirerri Batuen baitan) kontra zeudelako.